Mutilzaharraren despedida

partituraButtom

mutilzaharraren

Xenpelarrek bertso hauen bidez garai bateko mutilzaharren bizimodua erakusten digu argi eta garbi. Bakardadea, esker gaiztoa, mespretxua eta soldata gabeko lana aipatzen ditu besteak beste.

Hemengo eredu hau bertsogintzarekin bete-betean lotuta badago ere, hau da, egile jakindun bat-bateko bertsoak zein bertso berriak, sarri jazotzen den legez herriak laster hartu izan du bertso-bilduma hau bere ondarekotzat eta aspalditik kurritzen du tradizionalizatuta, tokian tokiko aldaerekin. Ez da harritzekoa, bertsolariak erabili zituen motiboak, esateko moduak, eta gaiak (biografikoak eta askotan hiri-girokoak izanik ere) guztiz errotuta daudelako gure mundu tradizionalaren ikuspegian eta kantutegi zaharrean.


Mutilzaharraren despedida
Frantzisko Petrirena Xenpelar, Gipuzkoa

1.
Dozena bat bertso berri
gazteen kontsolagarri,
nere mingaina sano dan arte
nahi nituzke jarri.
Begiratuaz elkarri
andrerik ezin ekarri
mutilzaharraren despedida zer den
esango dut sarri.

2.
Egon zaitezte aditzen
zahartuta nola gabiltzen,
gazte denboran ezkondu gabe
errez da gelditzen.
Ajeak zaizkit berritzen
eta indarrak urritzen,
orain jarri naiz soldata gabe
anaia serbitzen.

3.
Anaiak nauka mendian
koinatak aldamenean,
gazte denboraz akordatzen naiz
sasoia joanean.
Ez dut gularik janean
gau eta egun beti lanean,
ondo egin eta esker gaiztoa
gero azkenean.

4.
Lehenago erromerian
dama gazteen erdian,
jira ta bira ibiltzen nintzen
fanfarroikerian.
Orain tristura begian
nago estadu larrian,
pipa bat hartu hortzean
eta suaren guardian.

5.
Orain galdu naiz ederki
merezi bainan hobeki,
neskatxak ere ez didate nahi
aterik ireki.
Badute mila aitzaki
gazteagoak izaki,
estimazio txarra nola den
mutilzaharrak daki.

6.
Horra iloba gazteak
mutilzaharraren trasteak.
Irabazirik ez du izango
horiekin sastreak.
Zimurtu zaizkit hesteak
begiak dauzkat tristeak,
eskarmentua izan zazute
nerekin besteak.