BIDEOA

bideobuttomhtml-pdf

GIDOIA

Caro Barojak “maitasunaren aroa” deitu zion maiatza eta ekaina hartzen dituen urte-sasoiari, kukuak kantatzen duen sasoiari. Neguko hotzak bukatuta, eguzkia berotzen hasita dago, landaredia indartsu agertzen da eta abereak eta gizakia bera ere indarberrituta daude. Sasoi zoriontsu honek ekainaren bukaera arte irauten du. Zuhaitzak, loreak, eta oro har, landareak bereziki gurtzen dira urte-sasoi honetan.

Antzinako herriek errespetu ia erlijiosoa izan diote zuhaitzari. Honen adierazgarri da maiatzaren 3an, Done Bikendi Harana herri txikian, oraindik ospatzen duten Plantar el mayo izeneko ohitura. Egun honetan bizpahiru gizonezkok mendira joan eta bertan dagoen pagorik zuzenena eta luzeena moztu eta herrira ekartzen dute. Arratsaldez, zutik jarriko dute eta bertan utziko dute irailaren 14ra arte, herria gaitz guztietatik babesten. Mayo deitzen diote, hain zuzen ere, zuhaitz honi. Lesakan, orain galduta dagoen arren, antzerako ohitura zegoen. Apirilaren 30ean, gauez, nesken etxeetan jartzen zituzten Maiatz-arbolak: neska dotoreei zuhaitz ederrak eta hain dotoreak ez zirenei, ordea, intsusa.

Maiatzekoa da, era berean, Erreginetan izeneko ohitura, antzinako udaberri jaien aztarna. Toki gehienetan desagertuta dagoen arren, Baztanen aurki dezakegu ohitura hau bizirik oraindik. Herri batetik bestera ohiturak aldaera txikiak jasan dituen arren, zortzi-hamabi urte bitarteko neska talde bat edo gehiago izaten da ospakizun honetako protagonista. Hauetariko bat, Maia edo Erregina da. Toki batzuetan mahai baten gainean jesarrita egoten zen erregina, bere laguntzaileek kalean zebiltzanei eske-koplak kantatuz dirua eskatzen zieten bitartean. Gaur egun harritzekoa den arren, Carlos III.ak eta Carlos IV.ak debekatu egin zituzten Maiak XVIII. mendearen bukaeran.

Ekainaren hasieran, bada eliz ospakizunen artean garrantzi handia izan duen bat: Gorputz eguna, Corpus Christi eguna. Besta Berri deitzen diote Lapurdin eta Nafarroa Beherean ospakizun honi. Oraindik ospatzen da herri bakar batzuetan. Ekaineko bi igandetan izaten dute jaia, eta desfile ikusgarriaz gain, badauka elementu garrantzitsu bat: eliza barruan egiten den dantza. Antzinako euskaldunen artean ohikoa zen eliza barruan dantza egitea, baina jardun hau debekatua izan zen XVI. mendean. Gaur egun desfilean erabiltzen diren janzkerak XIX. mendekoak diren arren, ohitura hau XIV. mendean sartu omen zen Euskal Herrian. Hegoaldean gaur egun festa honen adibide onena Oñatin dugu, zalantzarik gabe. Halere, askoz hedatuago zegoen antzina eta ospakizunak ere oso ikusgarria izan behar zuen, giganteak eta herensugeak ere izaten omen ziren eta.

Astiro-astiro hurbildu gara egutegi zaharrean, Eguberriarekin batera momentu garrantzitsuenera: udako solstiziora. Gure arbasoek naturaren zikloen arabera egiten zituzten beren jaiak eta bereziki bi solstizioak ospatu izan dituzte -negukoa, abenduaren 24an eta udakoa, ekainaren 24an-.

Udako solstizioak derrigorrez sortarazi behar izan ditu zenbait erritu, gertaera honek urtean zehar duen esanahia ulertu zutenetik. Ekainaren 21a eta 24a bitarteko egunak dira urteko egunik luzeenak (15 bat argi-ordu). Egun horretatik aurrera, argi-orduak gutxitzen joango dira, Gabonak arte. Udako solstizioan ospatzen dena eguzki aroaren, udaren etorrera da. Egun hauek Eguzki Jaunari eskaintzen zaizkio. Beranduago, Eliza Katolikoak, Kristoren jaiotza neguko solstizioan jarri zuen bezala, San Juan Bautistarena jarri zuen herriak udan egiten zuen festan. Honela, ikuspegi biak nahastatu egin ziren eta eguzkiari ere Juan, Joanes deitzen zioten.

Euskal Herrian eguzkiari izan zaion begirunea ekintza askotan nabaritzen da. Trikuharriak, hilobiak eta gorpuak ekialderantz begira daude, eguzkiari begira, beraz. Otoitz txikiak ere egiten zitzaizkion, gordetzen zenean, batik bat: “Adios amandre, bihar artio”, “Ekia, igorri zadak ederrago bat” edo “Bihar artio Joanes!”, esaterako.

Eguzki-lorea izan da gure herrian eguzkiaren irudia, haren ordezkotzat hartu da. Eguzki-lorea etxeko atarian jartzen zuten Doniane-egunean. Gaueko izakiak -sorginak, deabruak, lamiak- eguzkiaren irudi hau ikusten dutenean ez omen dira ausartzen sartzen. Ekaitz eta tximistetatik ere babesten du etxea.

Suaren, uraren eta landareen inguruan bildu daitezke udako solstizioa ospatzeko egiten diren errituak.

Euskal Herri osoan hedatutako sineskera da Doniane goizean, eguzkia dantzan sortzen dela ortzemugan. Zeanurin, esaterako, ortozik joaten ziren Gorbeiara eguzkia irteten ikusteko.

Baina ospakizun honetako sinbolo nagusia sanjuan-suak dira. Herriko enparantza, baserri, soro eta bidegurutzeetan oraindik egiten dira. Atso nahiz agure, neskatxa nahiz mutil, su honen inguruan batu eta su gainetik hiru bat bider egiten zuten salto, formula magikoak esanez: “San Joan, San Joan berde, artuak eta garixak gorde, lapurrak eta sorgiñak erre. Biba San Joan berde!” (Elgeta) 

Urdiainen neska gazteak dira suaren ondoan elkarri eskuak hartuta, kantaita berezi bat kantatu eta konjuruak botatzen dituztenak.

Garai baten, su honetan erretzen ziren aurreko urteko sanjuan-sortatik geratzen zitzaizkien lore eta belarrak. Su honen boterea izugarria da, ia denetarikoa eskatzen zaio: sarna uxatzea, sorginetatik babestea, uzta zaintzea, gaixotasunak sendatzea… 

Bigarren taldean, urarekin loturiko errituak dauzkagu. Itsaso, erreka eta iturrietako urek, hala nola ihintzak, botere berezia dute egun honetan. San Juan bezperan, gaueko hamabietan, puntu-puntuan, harriak ogi eta urak ardo bihurtzen omen dira. 

Eguna argitu orduko ihintzak bustitako belar gainean ortozik ibiltzea Euskal Herri osoan hedatutako ohitura zen. Gizon eta emakumeak ibiltzen ziren doniane-ihintza hartzen eta, inoiz, ardiak ere eramaten zituzten.

Larrugorritan ihintza hartzen gari artean ibiltzen omen ziren sarnarik izan nahi ez zutenak Nafarroako hainbat tokitan.

Iturrietako eta erreketako urek ere botereak zituzten egun horretan. Horrexegatik, eguna argitu orduko eskuak, aurpegia eta oinak garbitzera joaten ziren bertara. Nafarroan sanjuanada deitzen zioten gaueko 12etan erreka edo iturri bateko uretan bainatzeari.

Landareak aipatu ditugu hirugarren elementu gisa. Landare eta zuhaitzen inguruko ohitura asko eta asko daude bizirik oraindik, sanjuan-belarrena, esaterako. San Juan bezperan sortatxo bat prestatzen zuen etxeko andreak: sanjuan-erramilletea.

Belarrak, loreak, arto-landarea, berakatz-buruak, sagar-adarrak eta garoa izaten zituen sorta honek. Biharamunean, San Juan egunean, meza nagusian bedeinkatzen ziren eta gero, etxean, ganbaran uzten zen sorta zintzilik, behar zenean erabiltzeko. Ekaitza zenean, sorta honetako belar batzuk botatzen zituzten sutara. Etxekoren bat gaixotuz gero, belar hauek egosi eta lurrunak hartzen zituzten. Urte batetik bestera erabili gabe gelditzen ziren belarrak hurrengo urteko sanjuan-suetan erretzen ziren.

Laguardian dantzariak dira festaren bihotza, Cachimorro euren artean delarik. Eurak dira dantza eginez udal-ordezkariei sanjuan-sortak ematen dizkietenak. Goizez eta arratsaldez egiten dute dantza hau eta, bitxia den arren, sanpedroetan ere errepikatzen dute, lora-sorta banatze eta guzti.

San Juan egunean, goizeko lehen orduan, mendira ortozik joan eta lizar edo elorri-zuri adarrak moztu eta etxera ekartzen ziren. Etxeko ateen albo bietan jartzen ziren eta bertan uzten ziren urte osoan, hurrengo urteko sanjuan-suetan erretzeko. Gaur egun ere irauten duen ohitura honek ekaitzetatik babesten omen zituen etxea eta etxekoak.

Ia galduta dago, ordea, mendi-ostera honetan ira edo garoa batzea. Landare hau ere batzen zuten egun honetan eta etxeko atarian zabaldu. Berrogei bat egunez edukitzen zuten bertan eta gero gorde egiten zuten, hurrengo urteko suetan erretzeko.

Altsasun oraindik aurki daiteke garoa etxe-aurreetan San Juan egunean. Baita lizar adarrak ere. Baina badago desberdintasun bat: herriko mutilak izaten dira lizar edo makal adarrak jartzen dituztenak nesken balkoietan, ez norberak berean. Lesakan bezala hemen ere: gustuko neskei lizar adarrak; besteei, ordea, makalak!

Ohitura zabaldua izan da San Juan bezperan toki publiko baten zuhaitz handi bat zutik jartzea. Lizarra edo makala gehienetan. Ohitura hau oraindik mantentzen da hainbat tokitan: Urrestillan, Agurainen, Donostian… Bedeinkatu eta sua eman ondoren, lurrera bota ostean, azal zatiak edo adarrak kendu eta etxera eramaten dituzte, magikoak baitira zati horiek. Gaur egun Doniane-egunean egiten da toki askotan, bezperan egin ordez.

Zuhaitzekin zerikusia duen beste ohitura bat ere azaldu nahi dugu hemen, orain arte ikusitakoak baino ezezagunagoa, etena deitutako gaixotasuna sendatzeko egiten zutena. San Juan bezperan, gauerdian, Juan izeneko bi gizonek eramaten zuten gaixotutako umea haritz bat zegoen tokira. Bertan, haritzari aizkora batez enborra ireki eta zulo horretatik bertatik pasatzen zuten haurra. Batak “Juanek uzten zaitu” esaten zuen eta “Juanek hartzen zaitu” erantzun besteak. Jarraian, zuhaitzaren enborrean irekitako bitartea itxi egiten zuten. Zuhaitzak bizirik irauten bazuen, haurra sendatu egingo zen; lehortzen bazen, ez, ordea. Ohitura hau edo bere aldaera batzuk Euskal Herri osoan izan dira.

Orain arte aipatutako elementu bi -zuhaitza eta lore-sortak- agertzen dira Aguraingo San Juan jaietan. Doniane bezperan makal bat jartzen dute herriko plazan eta bertan uzten dute 25era arte. San Juan egunean bertan, udalbatza zaldiz joaten da Arrizalaraino, goizean goiz. Bertan meza entzun eta gero, Agurainera bueltatzen direnean, herritarrak izaten dituzte zain, sanjuan-sorta ederrak eskainiz.

Sanjuanetako ibilbide honi bukaera emateko Tolosara joango gara. Egunari dagokion bezala, lizar adarrez apainduta ikusiko ditugu bertako kaleak. Egun guztian entzuten den San Juan zortzikoaren doinuaz gain, bada dantza ikusgarri bat egun honetan baino egiten ez dena: Bordon-dantza, XIV. mendeko guda baten oroitzapenez.

Amaitu dugu maiatzean hasi eta udako solstiziora arte egin dugun bidaia. Uda heldu da jadanik, eta hemendik aurrera, esaera zaharrak dioena: “Orain arte belar, hemendik aurrera gari!”.