Ikazkintza

bideobuttom
ikaskintza2Ikazkintza, egurretik ikatza ateratzea alegia, aspaldi-aspalditik datorkigun lanbidea da. Bizibide honek bultzakada izugarria jaso zuen azken mendeotan burdinolak sortu eta garatu ahala, baita beranduago ere, gerra denboran etxeetan zein garraio modu berrietan erabiltzen hasi zelarik. Pasa den mendean, berrogeita hamarreko hamarkadan egur-ikatzaren kontsumoa sano baxatu zen eta bere lekua beste energia iturri eta erregai batzuek hartu zuten, hirurogeikoan guztiz desagertu arte.

Ikatza egiteko artea, haritza, pagoa eta gaztainondoa erabili izan dira. Ikatz bihurtzeko egurra egosi egin behar denez eta ez erre, bilakaera hau ez da batere erreza; kontu handia izan behar da, hutsik txikienarekin ere egunetako lana pikutara joan daiteke eta. Hurrengo lerroetan daude, labur-laburrean baino ez bada ere, prozesu honetan egin beharreko urratsak.

Hasteko, egurra bildu egin behar da; lehenengo eta behin arbola bota, arramak kendu eta enborra txikitu ondoren, txondorra edo ikaztobia egingo den lekura garraiatu. Egur asko eta asko pilatu behar delako lan neketsua suertatzen da benetan; gutxi gorabehera lau kilo egurreko kilo bat ikatz baino ez da ateratzen, kontuak atera! Egur-piloa lurrezko zoruan eraikitzen da, toki lauan, errekatxoren baten ondoan eta haize-babesean.

Hurrengo pausoa, txondorraren kokagunea mugatu ostean, tximinia edo sutegia egitea da; hauxe da egur-multzoaren ardatza, eta bertotik piztuko da gero ikaztobia. Tximiniaren inguruan egurrak mailaka jartzen dira, enbor lodiak lehenengo-lehenengo, hauen gainean ertainak-edo, eta hirugarren maila batean adar meheak-eta; diametroz bospasei metroko egur-piloa egin arte. Gero txondorra adarrez, hostoz, iratzez edota goroldioz estaltzen da. Multzo honen gainean beste ikaztobi bateko iduria izeneko lur errea botatzea izango da azken ukitua egosten hasi orduko.

Txondorra pizteko tximiniako zulotik palu eta ezpal sikuak sartzen dira, ostean txingar palakada batzuk eta berriro ere palutxoak eta ezpalak zuloa guztiz bete artean. Sua gora heltzen denean tapatu egiten da tximiniaren ahoa. Jarraian ikazkinak hiru-lau zulo egiten dizkio ikaztobiari goiko aldean, haizea sartzeko eta egurra apurka-apurka ura galduz egos dadin. Ekintza honek arreta handia behar du; batetik zuloak handiegiak badira txondor osoa har lezake eta suak, baina bestetik txikiegiak izanez gero sua itzal daiteke. Egun batzuk igaro eta, goi parteko egurra ikaztu denean zulo berriak egin behar zaizkio apur bat beherago, egurra goitik behera egosten baita.

ikaskintzaProzesu osoak hamar-hamabost egun behar ditu, eta tarte honetan ikazkinak gauez eta egunez zaindu behar du egur-piloa, ez dago atsedenerako ez lotarako astirik. Baina ez da hori bere eginkizun bakarra. Egurra egosi ahala txondorra eskastu edo lermatu egiten da; horregatik zurmailuaz ikaztobiaren goiko aldea zapaldu egiten da egurra berriro ere trinkotuta gera dadin. Horrez gainera, eta txondor barruan hutsunerik zor ez dadin, tximiniako zulotik betegarria botatzen dio egunean birritan.

Egurra egosi deneko -hau kearen urdin kolorea ikusita igarten da- hozte prozesua hasten da. Ikatza ateratzen hasi aurretik txondorra egun pare batean amatatuta egoten da. Aspaldian ikatza zakutan sartu eta herrietara bajatzen zen, batzuetan gurdietan edo mando gainean, eta beste batzuetan ikazkinak berak arrastaka egurrezko andetan.

Bakardadea, denboraldi luzeak mendian, egurrezko txaboletan; zikinkeria, beti errautsez lohiturik, eta etengabeko arreta izan dira ikazkinen bidaideak. Bizimodu gogorra benetan.