EHIZTARIAK

pinpi_0029_72Usoa ehizatzeko aroa irailean hasi eta azarora bitartean izaten da, sasoi honetan usoek iparretik hegoalderako migrazioa egiten dute eta leku epelago bila; honi usopasa esaten zaio. Otsailean berriro kontrako bidea egingo dute, hegoaldetik iparrera, kontrapasa.

Ehizan egiteko ezagutzen den erarik zaharrenetarikoa hegaztiak sareekin atrapatzea da, hau eskopetak zabaldu baino askoz ere aurretikoagoa dugu. Geroago beste modu batzuk sortu eta erabiltzen hasi ziren arren (abataz, eskopetaz, etab.) antzinako usadiora lotuko gatzaizkio.

Ehizaldia goizaldean hasten da eguna argitu aurretik. Ehiztariak, bakoitza bere lekuan eta beti arropa ilunez jantzita, usoek euren ibilbidean igaro behar dituzten menditarteetan eta pasagune estuetan jartzen dira uso-bandaren zain. Usotoki hauetan zuhaitzetatik zuhaitzetara, zintzilizka, zabaltzen dituzte sareok.

Uso-multzoa hobeto ikusteko ehiztarietako batzuk estalaria izeneko dorre antzeko batzuetan egoten dira. Multzoa ikusten denean ehiztariok paletak, karrotak, botatzen dituzte zerura, uso-bandaren gainera, hegaztiak ikaratuz. Karrotak, egurrezko kirtendun disko modukoak dira, alde bietatik zuriz margoztuta. Paleta bere ardatzaren inguruan biratzen da eta mirua dirudienez, usoak beldurtu, apaldu eta honi ihes egiteko asmoz lurraldera jeisten dira, sareak dauden lekura. Une honetan sarezainek sareetako loturak askatzen dituzte eta hau usoen gainera jausten da.

Uso-multzoa sareetara abiatu beharrean beste alde batera badoa, prest izango dira ehiztariak berriro ere paletak zerura botatzeko, usoak sareetara bideratu arte. Usoak beldurtzeko oihal zuriak (kolore honek izutu egiten baititu), kornetak erabili edota oihuak eta zantzoak ere egiten dira.

Egunean harrapatutako usoak ehizaldian parte hartu dutenen artean banatzen dira. Baina azken urteotan uso kopurua oso murriztu da eta ehiztariek etxera eramaten duten saria ere bai.