Basaratoste / Eguen Zuri

OLYMPUS DIGITAL CAMERAOrain arte agertu ditugun ohiturak eta ospakizunak egun finkoetakoak dira, hau da, eguzki-egutegian oinarriturikoak.

Itxura baten honek ez du Inauteri giroko ospakizunekin zerikusi handirik (gogoan izan hemen ilargi-egutegia dela nagusi). Dena den, herri-tradizioetan askotan jazoten den moduan, hurbilean dauden ekintzak sarri ezin daitezke zehatz-mehatz bereiztu.

Santa Agedaren ospakizunak badu karnabalizazioarekin loturaren bat edo beste (gazteen taldeak aparteko indarra hartzen du jaiotan, arauen apurketak onartu egiten dira, mozorro antzeko janzkerak eta tresnak ere erabili izan dira toki batzuetan…).

Inaute-egunak, gorago esan dugunez, Pazko-egunaren eta Hausterre-egunaren arabera ezartzen dira. Asteazken da beti Hausterre, eta hori dela eta honen bezpera, Inauteriko asteartea (Astearte-inautea) da jaiotako egunik handiena. Dena den, astelehenak eta aurreko igandeak ere, Inauteriko igandeak (Igande-inautea) pisu handia izan ohi du.

Inauterietako egun nagusiotatik aparte, dena den, badira beste ohitura txiki batzuk. Bizkaian, batez ere, bada oraindik usadio bat Igande-inautearen aurreko igandean egiten dena. Egun honetan umeek, gazteek zein nagusiek, taldeka, ostera txiki bat egiten dute euren herriaren inguruko basoetara. Egun honek Basaratoste du izena. Toki aukerako baten abarrak eta egurra batu eta su eder bat egiten dute. Gero bakoitzak makilatxo bat hartu, beronekin burruntzia egin eta txorizoak edo urdaia erre egiten dute eta jan. Ekintza honek txitxiburruntzi izena hartzen du. Batzuetan gauza berbera egiten ohi dute Eguen Zuri egunean.

Astearte-inaute aurreko ostegunari Eguen Zuri esaten zaio hainbat tokitan. Egun hau ere seinalatua zen, batez ere herriko umeentzako. Osteguneko ospakizun honekin lotuta datorkigu Nafarroako eskualde batzuetan (Baztan eta inguruetan) ezagun zuten beste ospakizun-andana bat. Hiru astetako ostegunak ziren jarraian ospatzen zirenak.

Gizakunde Egunean (hortik hamabostera zen Eguen Zuri), emakumeek oparia egiten zieten gizonezkoei, eta herriko neskek ere zilegi zuten mutilei oparia eskatzea (mutilak lepotik heldu eta Zer agintzen didazu? galdetzen zieten).

Zortzi egun igarota Emakunde edo Andrakunde zen. Dantza berezia zuten egun honetan emakumezkoek euren senarrekin, eta neska gazteek opariak jaso eta dantza egiten zuten aukeraturiko mutilarekin.

Astebetera, bada, zen azkenik Orakunde. Izenak dioenez guztientzako eguna zen, baina Euskal Herriko beste lurraldeetan legez, umeek hartzen zuten hemen nagusitasuna. Nafarroako herri askotan egun honetan haurrak hurrengo egunetan nagusiek erabiliko zituzten mozorroak eta tresnak hartuta kalera irtetzen ziren. Egun honetan egiten zuten Oilar-jokoa ere.