BIDEOA

bideobuttomhtml-pdf

GIDOIA

Neguaren bihotzean gaude, otsailean, Inaute zikloaren barruan. Egutegiaren arabera aldatzen diren arren, otsailean izaten dira gehienetan. Egunak luzatuz doaz eta laster hasiko da natura berpizten, udaberria helduko da.

Datozen minutuetan garai honetan ospatzen diren hainbat jai ezagutuko ditugu.

Jai hauetariko batzuk eliz kutsukoak dira. Beste batzuek, ordea, oraindik, kristautasunaren aurreko sineskeren, sinboloen edo ohituren azken hondarrak dituzte. Kasu gehienetan, ohi den bezala, ikuspegi biak nahastuta aurkituko ditugu. Sarri gertatzen den bezala, aspaldi-aspaldiko ekintza eta herri-ohikundeen gainean kristautasunak bere ezaugarri batzuk ere jarri zituen.

Egutegiari jarraituz lehen agertzen zaigun jaia, Ama Birjinaren Garbikunde jaia edo Kandelario eguna da, otsailaren 2an. Egun honetan hasten da, Euskal Herriko toki askotan, Inauteria eta Garizuman bukatu, Hausterre egunean.

Kandelario egunean kandelak bedeinkatzen dira elizan eta, gerora, etxe barruko eta kanpoko hainbat erritutan erabiltzen zituzten, batez ere etxekoandreek (haurra egin ostean, etxekoren bat hiltzen zenean edo ekaitza zenean…).

Biharamuna, otsailaren 3a, San Blas eguna da. Kordoi meheak eta janariak eramaten dira elizara bedeinkatzera. Kordoia lepoan eramango da egun batzuetan eztarriko gaitzak uxatzeko eta, azkenean, sutan erreko da.

Santa Agedak antzinatik du eragin handia gure herri-bizikeretan. Santa honen eguna otsailaren 5ean ospatzen da, baina jai honen bezpera da gehien ospatzen zena gure herrietan eta batik bat herriko gazteen artean. Zalantza barik esan liteke santa hau aspaldi-aspalditik izan dugula, zelan edo halan esateko, gure herrietako gazteen, gazte-taldeen babeslea.

Santa hau Sizilia irlan jaio zen. Irlako nagusiak bereganatu nahi izan zuen eta, lortu ez zuenez, martirio gogorra ezarri ondoren, 21 urte zituela hil zuen.

Euskal Herri osoan dago hedatuta ospakizun hau. Gaur egun, bezpera arratsaldez edota gauez, otsailaren 4an, koadrilak beren buru zuzendari bat dutela, makila bana eskuan hartuta, dirua edo janaria biltzen etxez etxe oles egiten ibiltzen dira. Behin etxe aurrean, sarrera-bertsoak lehendabizi; Agedaren bizitza kontatzen duten bizpahiru bertso ondoren, etxekoei eskainitako notak deitutako koplak jarraian eta, bukatzeko, agurra kantatzen dute. Beste kasu batzuetan sarreratik zuzenean etxekoak notatzen edo koplatzen hasten dira, Agedaren bertsorik sartu gabe.

Antzina erromeriak eta kanpai-jotze luzeak izaten ziren egun honetan. Emakume ezkonduen jaia izaten zen eta hauek, etxeko lanetatik libre, mozorrotuta ibiltzen omen ziren kalean eskean, gizonezkoei orratzekin zast egiten.

Santa eskeak izan du bere janzkera berezia, nahiz eta ia galduta egon. Bizkaiko Markinaldean askok dute gogoan oraindik. Makila eta kapela paperez edo telazko zintez apaintzen zituzten eta, horrez gain, soinean zapi koloretsuak eramaten zituzten. Batzuetan, txilina ere jartzen zitzaion makilari goialdean. Bertsolari edo kantoreak kanpaitxo bat eramaten zuen eskuan berak kantatzerakoan erritmoa markatuz jotzeko. Bitxia da janzkera honek Altsasuko kintoenarekin duen antzekotasuna.

Altsasun, kintoek ospatzen dute jai hau. Era ikusgarrian jantzita, asto edo zalditxo baten laguntzarekin herriko neskatilen etxeetara abiatzen dira. Jai horretarako, Erregeen egunean, bi errege aukeratzen dira eta hauen ardura izango da jaiaren antolaketa. Kintoak bikoteka banatzen dira, nesken etxeetara abiatzeko. Etxeetan neskek opari gisa prestatutako erroskoak makila batean sartu ondoren, dantzan egiten dute erregeekin.

Ondoren ziklo honetako festarik handienarekin eta hedatuenarekin aurkituko gara: Inauteriak. Tokiaren arabera, izen desberdina hartzen dute: Ihoteak, Aratusteak, Zanpantzar, Karnabal…

Inauteriek ez dute egun finkorik izaten, ilargiaren arabera ezartzen dira.

Udaberriko lehen ilargi betearen osteko igandean Pazko eguna kokatzen da. Egun honetatik zazpi igande edo 50 egun atzera eginda, Igande-inautea. Horren inguruan finkatzen dira Inauterietako beste egun nagusiak.

Garai batean, ilargi-egutegiaren arabera urtea udaberrian hasten zen. Kontuan izan, udaberriko ekinozioa momentu esanguratsua dela: egun hauetan, egunak eta gauak iraupen berdina dute. Urte berriari egiten zitzaion ongietorria izango ziren Inauteriak, segur aski. Geroago, eguzki-egutegiak urte hasiera aldatu zuen arren, hainbat ospakizun mantendu egin ziren.

Inauteri aurreko osteguna, Jueves de Lardero deitzen da Araban. Egun horretan umeak oilar bat hartuta etxez etxe ibiltzen dira, eskean eta kantuan. Antzina oilarra hil eta jan egiten zen. Egun hori Bizkaian Eguen Zuri legez ezagutzen da. Ume taldeak ibiltzen dira hainbat tokitan kopla kantari.

Urteko beste sasoi batzuetan bezala, Inauterietan ere, eskean aritzen diren taldeak kaleratzen dira. Aipatu dugun Eguen Zuri egunean, esaterako, eta hemen ezagutuko ditugun herrietako Inauteri ia guztietan.

Kanta eta musika aipatu ditugu gorago. Honek ere badu bere tokia Inauterietan. Mundakan, Igande-inautean, Aratusteak, kantuaren inguruan ospatzen dira.

Goizean mutil talde handi bat zuri-zuri jantzita kaleratzen da: Atorrak dira. Musika jo eta abesten herriko kaleetan ibili ondoren, portura abiatzen dira zuzendariaren gidaritzapean. Portuan, pretil gainera igo eta urteko kantu berria kantatzen dute, besteak beste.

Musikaz jarduterakoan berehala dantza datorkigu burura. Antzinatik dantza ezinbesteko elementua da edozein jai edo festatan. Hori horrela, hainbat herritako Inauterietan dantza ospakizunaren ardatz bihurtu da.

Antzuolan, Igande-inautean, Sorgin-dantza egiten dute. Mutil talde bateko erdiak emakumez mozorrotzen dira, eta dantza antzezten dute; batean elkarri mehatxuka eta hurrengoan musuka.

Markinan, berriz, Zahagi-dantza egiten dute. Mutiletako batek bizkarrean zahagia hartzen du eta besteek, dantzatzen duten bitartean, zahagia jotzen dute. Dantzan aritzen diren bitartean, kalean beste pertsonaia garrantzitsua dabil: Hartza. Hartzainak lotuta darama eta, Hartzak, ihes egiten saiatu eta jendea izutzen du. Hartza toki askotako inauterietan agertzen den animalia da, nahiz eta batzuetan, ohitura galduta egon.

Gure herrietako Inauterietan beste animalia batzuen mozorroak ere agertzen dira: ardiak, otsoak, zaldiak. Ez dugu ahaztu behar urte askotan herri hauen bizimodua nekazaritza eta abeltzaintza izan direla eta naturarekin harremanetan dagoen bizitzaren arabera sortutako Inauteriak direla. Eguneroko jardueretan erabiltzen den tresna arrunt bat ere izan daiteke Inauterian garrantzitsu. Ituren eta Zubietaren kasuan zintzarri edo joarea izango da festaren ardatza.

Joareak baditu dohain magikoak, zintzarri soinuak espiritu gaiztoak uxatzen omen ditu edo abereak gaitzetatik babesten omen ditu, besteak beste. Ez dakigu abereak sendatzeko edota sorginak uxatzeko, baina urtarrilaren azken asteko edo otsailaren lehenengo asteko astelehenean Zubietako Joaldun edo Zanpantzarrak izugarrizko joareak soinean jarri eta Iturenera abiatzen dira. Bide erdian, Iturengo Joaldunekin bat egingo dute eta elkarrekin joango dira herriraino. Asteartean, Iturengoak izango dira Zubietara joango direnak.

Uztaritzen, astearte-inautean, aipatutako hauekin batera beste elementu bat ere agertzen da: sua. Sutan bukatzen du egun honetako pertsonaia nagusiak, Zanpantzarrek. Mozorrotutako pertsonaia ugarik lagunduz, kalejira eginez, Zanpantzar herriko plazara eramaten dute; han epaitu eta errudun aurkitu ondoren erre egingo dute. Su hau iragaite-errituaren sinboloa da, eta garai ezberdinetan aurkitzen dugu: Gabonetan, sanjuanetan… Pertsonaia hauek amaitu den garaia edo urtea adierazten dute, eta suaren bitartez aurrekoa garbitu eta garai berriari tokia egiten zaio.

Zanpantzarren antzera bukatzen du Zalduondoko Marquitosek. Igande-inaute goizean, jauregi aurrean, makila luze baten gainean jartzen dute. Arratsaldean, jaitsi eta pertsonaia ugariz lagunduta, prozesioan, epaitu eta erreko duten tokiraino eramango dute. Epaiketa eta hilketa hauen bidez urtean zehar gertatutako gauza txarrak baztertu nahi dira, urte zaharraren kutsadura garbitu. Azken finean inauteria hitza ere iautu hitzetik datorrela uste dute batzuk, eta honek garbitu esan nahi omen du.

Beste pertsonaia garrantzitsu bat Lantzeko Miel Otxin dugu. Honen amaiera ere ez da gozoa. Astelehen-inautean, betiko ohiturari jarraituz, Miel Otxin taldeburu dela, herriari buelta egiten diote. Miel Otxinekin batera, Ziripot, ezin ibilirik; Zaldiko, Ziripot lurrera botatzen saiatzen; Txatxoak Ziripot defendatzen… Azkenik, Ferratzaileek lortuko dute Zaldiko harrapatu eta ferratzea. Prozesioa enparantzan bukatuko da zortzikoa dantzatuz. Asteartean Miel Otxin enparantzara eraman, epaitu eta tiro batez hilko dute. Behin lurrean sua ematen diote eta Txatxoek zortzikoa dantzatzen dute suaren inguruan.

Lantzeko Inauteriak aberatsak dira; orain arte aipatutako elementu gehienak agertzen dira: animaliak, ofizioak, epaiketa, dantza eta sua. Baina elementu berri bat ere agertzen da: zigorra. Txatxoek kalejiran, Ziripot defendatzen duten bitartean, inguruan dagoen jendea jo egiten dute. Jotzea edo zigortzea ere garbikuntza-errituak omen dira.

Horrela, Lesakan Igande-inauteko arratsaldean Zakuzaharrak irteten dira. Hauek Ziripoten antzera, gorputza zakuzko telaz estalita daramaten gizonak dira. Eskuan duten puxikaz inguruan harrapatzen dituzten herritar guztiak jotzen ibiltzen dira.

Altsasun Mamoxorroak ditugu. Buruan adarrez hornitutako otarra, soinean odolez zikindutako alkandora eta eskuan sardea dutela, kalean zehar ibiltzen dira inguruko jendea jo eta izutuz. Neskek, sorgin jantzita jarraituko diete atzetik.

Unanuan, Mamoxarroak, makila luze bana hartu eta herriko neskak harrapatzen saiatuko dira. Kalean ez badituzte aurkitzen etxeetan ere sartzen dira. Hau guztia Astearte-inauteko arratsaldean gertatzen da. Baina benetan, Mamoxarroari ikusgarritasuna aurpegian daraman burdinazko karatula edo maskarak ematen dio.

Maskara antzinatik erritu ugaritan erabiltzen da, imitatzen duten horretan eraldatzeko, nork bere burua ezkutatzeko… Era batera edo bestera aurpegia estalita eramatea oso zabaldua dago Aratusteetan. Unanuaz gain hor ditugu, Lantzeko Txatxoak, Uztaritzeko Zirtzilak, Lesakako Zakuzaharrak eta abar luze bat.

Eta maskaratik maskaradara. Zuberoako Maskarada azkenerako utzi dugu, aurrez aipatutako elementu guztiak agertzen direlako: eskea, mozorroak, musika, dantza, sua, antzezpena, eta abar.

Urtarrilaren lehenengo egunetatik apiril-maiatzera arte irauten du Zuberoako Maskaradak. Urte bakoitzean herri bakar batek antolatzen du. Ez da lan erraza izaten, dantzari onak behar izaten dira eta. Izan ere, dantza da maskaradaren muina. Maskarada antzezten dutenak, inguruko auzo-herrietara joaten dira mozorroturik, bi talde osatuta: Gorriak garbi eta dotore jantzita, Beltzak zikin eta jantzi xelebreekin.

Goizean, herrira heltzerakoan, barrikadak aurkitu eta gaindituko dituzte. Antzina benetako oztopoak ziren arren, gaur egun jan-edaria eskaintzen zaien toki sinbolikoak dira. Gorriek dantzan eta Beltzek kaikukerietan eta ordenarik gabe pasatuko dituzte barrikadok. Honela jarraituko dute herriko kaleetan, pertsonaia ospetsuenak bisitatzen.

Arratsaldean enparantzan izaten da antzezpena. Dantza eta ofizioak tartekatzen dira. Gorriak dira dantzan egiten dutenak. Dantza esanguratsuenak Godalet-dantza eta Bralia izango dira. Funtzioetan, pertsonaia bakoitzak bere lana edo ofizioa antzezten du: Ferratzaileek Zamalzain eta Txerrero ferratzen dituzte; Zikiratzaileek Zamalzain hartu eta irendu egingo dute; Zorrotzaileek jaunaren ezpata zorroztuko dute; Kauterek jaunak emandako dupina ezin konponduta utziko dute; eta Ijitoek istorio luze eta entretenigarriak kontatzen dituzte. Batzuek eta besteek Pitxuren laguntza eskatuko dute. Pitxu da Beltzen artean pertsonaiarik nabarmenena eta bere eginkizuna barre eragitea da. Jaunak lurrera bota dien txanpona hartu nahirik, Pitxu suertatzen da azpian hilda. Azkenean, medikua etorri eta Pitxu berpiztuko du. Bukatzeko dantzariek kanta bat abestuko dute eta, azkenez, dantzari eta ikusleek elkarrekin dantza bat egingo dute.

Hemen, Euskal Herriko Inauterietako batzuk bakarrik aipatu ditugu, tradizio handiena dutenak, nekazaritza munduari lotuak. Inauteri hauek aberatsak dira sinboloetan, eta urtez urte berdin-berdin mantentzen dira: pertsonaia eta antzezpen berdinak. Baina, badaude beste inauteri batzuk, herri handietan edo hirietan ospatzen direnak. Hauetan ere aipatutako elementu batzuk agertzen dira (mozorroak, maskarak, musika, dantza…), baina hauek guztiek bere esanahi sinbolikoa galduta dute; eskaera berriei aurre egiteko aldatzen joaten dira. Inauteri tradizionalak egonkorragoak dira, aldaketak ia sumatu ere ez dira egiten. Galdetuez gero noiztik ospatzen diren horrela, erantzuna betidanik izango litzateke.