Ume kantuak

pinpi_0012_72Folkloreak uztardura gogorra du gizakiarekin eta gizon-emakumeen bizitzaren ibilbidearekin. Gure jaiotzatik hasi eta heriotzara arte beti agertuko da, mundu tradizionalean, aldi eta adin-talde bakoitzaren bilakaera azaltzen duen ekintza eta ohitura-multzo handi bat.

Gure kantutegira etorriz, atal berezia eta osoa betetzen dituzte haurtzaroko doinuek eta abestiek. Esparru honetan era askotako kantuak daude: lo-kantak, hasierakoak (berbetan, ibiltzen, txaloak ematen, zenbatzen, etab. ikasteko erabiltzen direnak), jokoetakoak…

Umea jaiotzen denetik dago kantuari lotuta. Lehenengo eta behin lo-kantak entzuten ditu, amaren ahots samurrez eta eztiz esanikoak, loarekin edo umearen ametsekin zerikusia dutenak, eta beti ere soinu atseginekoak. Aurrerago bere arreta bereganatzeko edo bere jakin-mina pizteko erabiliko dira kantuok, bere gorputz-adarrak mugitzen ikas dezan batez ere; oinak, eskuak eta atzamartxoak mugiaraziz kantuaren erritmoari jarraituta. Hauek laburrak eta sinpleak izaten dira gehienetan.

Beranduago, hiru-lau urte betetzen dituenean, jokoetan erabiliko dituen kantuak ikasiko ditu; lagunak edo taldeak aukeratzeko egiten direnak, edota jokoarena bera.

Jokorik joko, kanturik kantu ibilita kaskontzen dira umeak…, ez euren letrak eta doinuak ahaztuta baina!