ERREGINAK

bideobuttom
erreginakB

Bai Euskal Herrian, bai Europa osoan, hainbat ekintza berezi egin izan dira aspaldiko denboretatik maiatzari ongietorria emateko. Gaur egun ezagutzen ditugunak antzina grekoek eta erromatarrek Maia izeneko jainkosaren omenez egiten zituzten jaialdien aztarnak dira. Maia emankortasuna, izakien hazkuntza eta landarediaren garapenaren jainkosa zen. Ospakizunok era desberdinetan azal litezke: Maiatzeko zuhaitza edo mayo, (plazaren erdian zutik jartzen den arbola edo tantaia) eta leku batzuetan honi lotzen zaion txorimaloa, Maiatzeko lorak eta Maiak.

Azken hau aspaldi baten Gipuzkoan eta Nafarroan zabal hedatuta zegoen usadioa bazen ere, gaur egun ia galdurik dago. Dena dela Nafarroako Baztanen aurki dezakegu oraindik jaialdi hau bizirik. Izen desberdinez ezagutzen dugu: Erregina eta saratsa, Erreginetan, Maiatzeko erregina, edo Maia-besta. Maiatzeko azken igandean egiten da, herri batzuetan lehenengoan eta hilaren igande guztietan egiten bazen ere.

Egun honetako protagonistak herriko neskatilak ziren, hamar-hamabi urte bitartekoak. Toki batzuetan jaso denez urte horretan komunioa hartukoak izaten ziren. Euren artean Erregina eta Saratsa aukeratzen zituzten. Hauek zuriz jazten ziren, eta buruan txulufrina zuri-gorriz edo sarats adarrekin egindako koroa jartzen zuten, batzuetan lorez apainduriko lastozko kapela ere bai. Garaitiko neskak abeslariak ziren, hauek sorbaldatik gerrirainoko zetazko banda jazten zuten. Euretako batek panderoa jotzen zuen, hori zen eta erabiltzen zuten musika-tresna bakarra.

Jokatzeko modu bi zeuden. Toki batzuetan erregina tronu itxurako mahai baten ganean jesartzen zen eta laguntzaileek kalean zebiltzanei koplak kantatuz dirua eskatzen zieten. Beste batzuetan ordea, etxerik etxe ibiltzen zen eskean neska taldea.

Lehenengo kopla etxekoandreari botatzen zitzaion leihora irten zedin eskatuz, amaituta ostean erreginak eta saratsak laguntzaileek abestutako jota antzekoa dantzatzen zuten. Bukatu eta gero panderodunak dirua eskatzen zuen. Saria jaso eta, eskerrak emateko kopla berezia zegoen. Inork irten ezean edo dirurik egon ezean madarikazio antzeko bat kantatzen zieten etxekoei.

Abesten zituzten koplak desberdinak izaten ziren: bat neskentzat, beste bat mutilentzat, gizonezkoentzat, emakumezkoentzat, ezkonduentzat, ezkongabeentzat, alargunentzat, eta azkenengoz apaizarentzat. Euskaldunak ez zirenentzat ere bazegoen aparteko kopla.

Errondan lortutako dirua antzina baten eliza konpontzeko ematen zen. Beranduago zati bitan banatzen zen: batekin Ama Birjinarentzako kandelak erosten ziren eta bestearekin gozokiak erosten zituzten herriko umeen artean banatzeko. Beste batzuetan jasotako diruarekin merienda bat atontzen zuten erreginaren etxean, honetan neskatilak eta euren amak izaten ziren.