Urte-sasoiak izeneko bilduma honen xedea Euskal Herrian urtearen ziklo tradizionalari lotuta erabili izan diren eta bizirik dirauen ohitura-sorta plazaratzea da.
Bildumaren hirugarren agerraldi honetan udaberria eta udaroa izango ditugu aztergai, Julio Caro Baroja zenak maitasunaren aroa (“la estación de amor”) deitu zuen sasoia, maiatzean hasi eta San Juanera arte dirauena. Neguko hotzak igarota, mendi tontorretako elurra desagertu ostean, erdi lotan egon diren zelaiak, zuhaitzak, landareak… berpiztu, muskertu egiten dira. Udaberriaren etorrerarekin eguzkia indarrez jotzen hasten da eta honekin batera pertsonak ere indarberritu egiten gara, hala dio esaera zaharrak: “Udaberria, odol berria”. Herri sineskeraren arabera maiatza, jai, landaredi eta maitasunaren hilabetea da; horregatik nahiz eta urtean zehar ere izan daitezkeen, aldi honetan kokatuko ditugu maitasun kontuekin lotutakoak: toberak, eztei ospakizunak, amodiozko kantuak, neska-mutilzaharrenak…
Kukuaren kantuak markatzen du sasoi berriaren hasiera. Honi harrera egiteko erabili izan diren bertsoak eta koplak alaiak dira, eurekin naturaren jaioberritzea, loreen eta landareen indarberritzea eta besteak beste txorien kantuen etorrera ospatzen da. Azken finean negu garaia gainditu egin dela eta udaberria etorri egin dela adierazten. Sasoi honetan batez ere zuhaitzak, loreak eta landareak goresten dira. Ingurune honetan kokatu behar ditugu antzinako udaberri jaien aztarna diren Doniane-arbolak, Plantar el mayo edo Erreginetan izenez ezagutzen ditugun ohiturak.
Aipatu dugun azken honetan herriko neskatilak etxerik-etxe ibilten dira eske-errondetan bertso jakin batzuk abestuz. Hauetatik hartu dugu material honen izenburua den Txulufrina eta arrosa (krabelina eta arrosa) esamoldea, hau neskatxei botaten zaien koplaren hasiera da. Berau begitandu zaigu egokien, lorak eurak baitira ziklo honen adierazlerik nabarmenenak.
Hona hemen uda zikloarekin lotutako ekintzen egutegia, bilduma honetarako aukeratu ditugun kantuekin batera.
Jarraian datozen kantuak eta ohiturak udaro osoarekin lotuta daude, ez dira egutegiko egun finkoetan ospatzen: