Urte-sasoiak izeneko bilduma honen xedea Euskal Herrian urtearen ziklo tradizionalari lotuta erabili izan diren eta bizirik dirauen ohitura-sorta plazaratzea da.
Bildumaren laugarren agerraldi honetan udazkena izango dugu aztergai. Udazkena edo udagoiena egun jakin bateko ospakizun zehatzez hornitu barik dago, beste urte-giroen ikusian. Neguan Eguberri zikloak mugarri finkoak ditu -Gabon gauean hasi eta Erregenetan amaitu- solstizioa ardatz nagusia dela; udan Doniane inguruan eratzen dira hainbat ospakizun eta ohitura; eta neguaren azkenean edota udaberri giroan ere badira egun eta ospakizun finkoekin markaturiko herri-ekintzak eta adierazpen folklorikoak (Santa Ageda, aratusteak, eta abar).
Udazkenean, baina, gaur egun gure artera heldu den herri-ospakizunen egutegian behintzat, ez dago hain mugarri markaturik. Dena den, aditu batzuen ustez, badira gaur egungo urte-giro honetako ekintzak zehatz aztertuz gero, aspaldian indarrean zegoen, eta orain erdi galdurik dagoen, negu-aurreko ziklo baten aztarnaren bat edo beste. Bilbatu bako oihal honetan han-hor-hemen jaso litezke erlijio-izaera eta herri-ospakizunaren izaera duten jarduerak eta jaiak, baina ez beste urte sasoietan legez ardatz nagusi argi baten ingurukoak.
Orokorrean pisu handia daukate oraingoan baserri eta artzain giroko ekintzek. Baserrietan, batetik, uztaroa da, jaso egiten da urtean zehar ereindako hazien fruitua; izan ere, soroetako emaitzek izan dute pisurik handiena mundu tradizionalean (laboreak, lihoak, artoak, mahatsak, sagarrak-eta). Horiek beste ekintza eta ardura batzuk ekarriko dituzte eurekin batera (gariaren edo artoaren prozesua, lihoaren lanak eta penak, mahatsekin edo sagarrekin egiten den ardoa, sagardoa eta abar). Hazitako abere batzuk ere euren azken egunak bizi dituzte hemen -txerriak esate baterako- gero negurako gatzun-asketan prest utziko direlarik. Ganbaretan sagarrak, intxaurrak, gaztainak, ortuariak… gorde egingo dira etxekoen beharrizanak betetzeko.
Oparotasun honek, baina, ez zuen geldialdirik ekartzen etxeetara. Bizimodu tradizionalari jarraitzen zitzaion tokietan aldi hau benetako urtearen hasiera izaten ohi zen, fruitu eta uzten bilketatik aparte hurrengo urterako emaitzak ziurtatzeko prestakuntza-lanak egin behar izaten zirelako, haziak eta mintegiak atondu-eta.
Irail-urrietan badira egun markatu batzuk tokian tokiko ospakizunetan: Andra Mari irailgoz (8an), Gurutzea (14an), San Migel (29an), etab.
Beste aldi berezia azaroko lehenengo egunetakoa da: Domu Santuru (azaroaren 1ean) eta Arimen eguna (2an). Egunotan familiakoek euren aurretik etxetik joanikoak izaten zituzten gogoan. Urte barruan elizetan (hilarriak, argiak, etab.) eta hilerrietan egiten zitzaizkien ohikunez gain, berenberegi eratzen ziren erritu berezi batzuk euren oroimenerako.
Handik lasterrera (azaroaren 11n) San Martin eguna dator. Santu hau aspaldi-aspaldikoa dugu gure lurretan eta guztiz txertaturik dago herri tradizioan eta folklorean, kantu, kontakizun eta ipuinen bitartez; izan ere egun honek markatzen zuen txerri-hiltzeak hasteko garaia (txerribodak).
Honik aurrera, eta ospakizun txiki batzuk alde batera utzita (Santa Katalina, San Andres, eta beste), eginkizun guztiak bideratuko dira azken batean Eguberrietan hasi eta Erregenetan amaitzen den negu bete-beteko ziklora.
Hona hemen udazken zikloarekin lotutako ekintzak eta ohiturak, bilduma honetarako aukeratu ditugun kantuekin batera.