MADALENAK

bideobuttom

madalenak

Uztailaren 22a, Madalenak; kresal usainez eta urdinez jantzitako eguna. Jaiegun handia Bermeon, Elantxoben eta Mundakan; baina batez ere bermeotarrek, era berezian ospatzen dute.

Jaiegun honen jatorria aspaldikoa da. Bermeotarrek eta mundakarrek, bakoitzak bere aldetik, Izaro uhartearen jabetasuna eskatzen omen zuten, baina ezin elkar hartu. Azkenean, XVII. mendean, norena zen ebazteko, traineru estropada bat egitea erabaki zuten, elantxobetarrak norgehiagokaren lekuko zirela. Norgehiagoka hori Bermeok irabazi zuen eta harrezkero egun honetan Izaro uhartea berea dela aldarrikatzen du.

Gaur egun aspaldiko liskar eta borrokak ahaztuta, hiru herrietakoek giro ederrean elkartuta jai handia egiten dute.

Portuan lehenengo ordutik nabari da gaurkoa egun handia dela: jendearen joan-etorriak, itsasontzia apaintzeko lanak, hamaiketakoa egiteko jan-edanak prestatzea… Itsasoratu behar denerako, dena prest!

Ospakizuna goizean hasten da. Alkatea eta zinegotziak udaletxe azpian batzen dira, tradizioak agintzen duen moduan denak mahonez jantzita eta koadrodun painelua lepoan dela. Han Alkate-soinua entzun eta txistulariekin batera, Madalena zortzikoaren soinuan, herriko Alde Zaharra gurutzatu eta Santa Eufemia elizara joaten dira, herritarrak atzean direla. Eurekin batera joaten dira Elantxobe eta Mundakako alkateak eta beste agintari batzuk ere bai. Estandartea zinegotzi gazteenak eroaten du.

Mezaostean, portura joan eta herriko beste itsasontzi batzuekin batera, prozesioan, Izaro ingurura abiatzen dira. Portuan herritarrek zapiekin eta irrintziekin agurtzen dituzte. Bermeoko ordezkariren batek Izaroko uhartean herriko bandera eta ikurriña ipinita ostean, orduantxe helduko da denek itxaroten duten unea. Bermeoko alkateak “Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak” esanez, teila uretara bota, eta Izaro eurena dela adierazten du, itsasontzietako adar guztiek zalaparta itzela ateratzen duten bitartean.

Horren ostean itsasontziek Elantxoberako bidea hartuko dute. Han herriko alkatea izaten da euren zain, Bermeoko alkateari aginte-makila emateko. Gero portutik Elizabarri enparantzarako bidea denek batera egingo dute txistularien laguntzarekin. Bazkaltzeko tartea hartu eta gero Mundakarantz abiatuko dira. Han makilen erritua errepikatu eta berriro Bermeora itzuliko dira. Portura sartzea izaten da eguneko unerik zaratatsuena eta hunkigarrienetarikoa, herritar guztiak zain daudelako. Handik denak udaletxera joan, aurreskua egin eta erromeria hasiko da, eta ez da amaituko gorputzak leher egin arte. Ai Madalen!