ERROMERIAK

erromeriakB

Dantza edo erromeria domeka eta jaiegun arratsaldeetan egiten zen; abemariak jo arte iluntzeko zortziak edo bederatziak aldera domeketan, eta gauerdi arte herriko jaietan. Dantza gazteen bilgunea izaten zen, lagun berriak ezagutu eta betikoak ikusteko aukera ederra.

Dantza edo jolasa egiteko leku nagusia, herriko plaza izan da, baina frontoietan, larreetan, eta egun seinalatuetako erromeriak zirela eta, baselizen inguruan ere egin izan dira. Pasa den mende hasieran gehien egiten ziren dantzak: biribilketa, jota edo fandangoa eta arin-arina edo porrusalda izan dira. Dantza solte hauetaz gain dantza lotua edo baltseoa ere egiten zen, lehenengo neskak nesketara eta gero neska-mutilak elkarrekin. Beti ere txistu eta danbolina edo soinu, trikitixa eta panderoa edo beste hainbat musika-tresnen doinura dantzatzen ziren.

Jota eta arin-arina bikoteka edo korruan dantzatzen ziren. Sarri askotan musikariek abestu egiten zituzten, eta jendeak ere parte hartzen zuen kantuetan, askotan buruz zekizkiten esaten ziren koplak.

Euskal tradizioan koplaren eredurik zaharrena izan da herri-literaturaren euskarririk behinena (errondetan eta eske-kantuetan, lokantetan, etab.). Erromerietan erabiltzen diren koplek baina, itxurari eta erabiltzen duten gaiei begiratuta badituzte markatu beharreko berritasuna eta beste alderdi bereizgarri batzuk. Estrofak doinuari begiratuta daude eratuta, erabiliko den dantzaren arabera (esaldien eta hitzen errepikapenak, esklamazio eta dei-hitzen erabilera, etab.). Gaiak ere dantza-giroaren alaitasunari lotuta: nesken eta mutilen arteko hartuemanak, pertsonaia barregarriak, gordinkeriak eta, sarri askotan aipamen eskatologikoak. Kantariak, gainera, multzoka eratzen zituen gehienetan bere kopla-andanak (gai baten hariari jarraituta hurrekotasunez loturiko aipamenak eginez etab.). Gehienetan sarrera moduko agurrarekin hasten zen (“Hastera noa, hastera”) eta akaberan azkenengo agurra egiten zuen (“Hau dala bai bukaera, bukaeraren tristea”) dantzaren kantaldi bakoitzeko.