Urte-sasoiak bilduma honen xedea Euskal Herrian urtearen ziklo tradizionalari lotuta erabili izan diren eta bizirik dirauen ohitura-sorta plazaratzea da.
Bildumari hasiera emateko negua aukeratu dugu. Gure tradizioan, mendebalde osoan gertatzen den bezala, sasoi honek aberastasun handia agertzen du. Hori dela eta, lehenengo ale hau Gabonei eskainiko zaie, Eguberriak eta honen atze-aurreek berez eratzen dutelako aparteko eta nortasun propioa duen ospakizun aldia.
Oles ta Oles dira Eguberrietan eta urtean zehar aldi markatuetan koplariek eske-errondetan kantatzen dituzten lehen hitzak. Oles berba hau ahaztu samar daukagu euskaraz. Aspaldian lehenengo agurra egiteko zen, eta errespetu eta begirune handia adierazteko ere erabiltzen zuten. Gaur egun eske-kantuotatik kanpo nekez agertzen da. Horrexegaitik, oles egitea edo oles ta oles ibiltzea gehiago erabiltzen da etxerik etxe eta auzorik auzo koplari ibiltzea adierazteko.