Durangoko Merinaldea, Bizkaian, ohituretan aberatsa eta tradiziotan ugaria da. Tradizio horietariko bat Dantzari-dantza izenez ezagutzen den dantza-sorta dugu. Herriko eta auzo edo kofradietako jaietan zortzi lagunek egiten dituzte dantzok, txistulariak lagunduta.
Humdboldt alemaniarrak 1881ean argitaratutako liburuan ematen du dantzaren berri. Euskal Herrian zehar egindako bidaian, Durangon ikusi zuen dantzaldiaren zehaztasunak ematen ditu: dantza-zatiak, doinuak, etab.
Ordutik hona tradizioak etenik gabe jarraitu du bizirik, eta baita zabaldu ere Euskal Herriko bazter guztietara.
Durangaldean kokatu dugu Dantzari-dantza. Abadiño, Berriz, Garai, Iurreta, Izurtza eta Mañaria ez ezik, Durango, Elorrio eta Otxandio ere aitatzen dira halako dantzen agertoki.
Jaiegunaren bezperan Donienatxa (Doniane-haretxa) jasotzen dute dantzariek. Haretx edo bestelako tantai luze bat izaten da beti ere, ondo zuritua, gorengo lakatzak izan ezik, goian ortuari, erramu edo landare batzuekin hornituta. Han egongo da jaietan zehar plazaren erdian. Horren ostean, kalez jantzita, Dantzari-dantza eta Erregelak egiten dituzte, jaiegun handiaren aurreko azken entsegutzat, txistularirik ez denean, dantza-koplaren bat kantatuz: “Gora ta gora puntapiue, eta gorago zerue. Hankarik altzeu ezin badozu, makurtu eizu burue”.
Dantzariek aparteko itzala izan dute beti; eta denek nahi zuten dantzari izan, baina txistulariak edo agintariek aukeratzen zituzten onenak jaiegun bakoitzerako. Beraz, jaien aurretik hautaketa egin, entseguak gero, eta amaitzeko erakustaldia egiten zuten. Denborarekin gauzak aldatzen joan dira. Gaur egun dantza-taldeak daude, eta apurka-apurka neskak ere dantzari sartzen joan dira.
Lehengo denboretan jaiegunean bertan, dantzariak agintariekin batera prozesioan joaten ziren elizaraino eta mezan leku berezian eseri. Garain, kasurako, prozesioan dantzariek daramate santuaren irudia San Migel eta San Joan elizen artean, San Inazioren doinu-hotsean. Ibilaldi horretan plazan geldialdia egiten dute Gernikako Arbola dantzatzeko. Dantza hori Garain baino ez da egiten.
Dantzari-dantza diogunean dantza-sorta bat esan nahi dugu. Agintariena edo ikurrin-dantzarekin hasten da, agintarien aurrean haiei egiten zaien begirunezko dantza da, talde bakoitzak bere bandera astintzen duela. Ondoren, Zortzikoa, Banangoa, Binangoa, Launangoa, Ezpata-jokoa (txikia eta handia), Makil-jokoa eta Txotxongiloa egiten dira jarraian. Banango, Binango, Launango eta Zortzikoan, dantzari-kopuruen arabera txandaka egiten dute, bakoitzak bere trebezia erakutsirik. Ezpata-jokoan eta Makil-dantzan tresnak erabiltzen dira. Eta Txontxongiloak, lapur bat atxilotu eta hil zutenekoa gogoratzen omen du.
Horren ostean esku-dantza egiten da. Aurresku eta atzesku doazen dantzariek, oraintsu arte gizonezkoek, neskak edo andreak ateratzen dituzte dantzara. Gaur egun ezkondu-ezkongabe zein gizon-emakumeen arteko banaketak lausotuta badaude ere, Garain, aspaldi-aspalditik, Santiago egunean gizon ezkongabeek egiten izan dute dantzan, eta hurrengoan, Santa Ana egunean, gizon ezkonduek. Eta horiekin batera, emakume ezkonduen esku-dantza ere egiten da, danbolinen txistu-hotsean.