SANJUANAK

bideobuttom
SANJUANAK

Doniane-gaua

Gure arbasoek naturaren zikloen arabera egiten zituzten euren jaiak. Urtaro aldaketak eta solstizioen etorrera bereziki ospatu izan dituzte; negukoa (abenduaren 21ean) eta udakoa (ekainaren 21ean). Bigarren honekin dago lotuta san Juan eguna, urteko egunik luzeena, eta berarekin udaren, eguzki aroaren etorrera. Egun honetan eguzkia dantzan irteten zela uste zuten, eta horregatik mendi tontorretara igotzen zuten bere agerraldia ikustearren.

Antzinako sineskera, ohikune eta errituen hainbat zantzu dago saindu eta egun honi lotuta. Euren artean sua, ura eta landareekin zerikusia dutenak dira garrantzitsuenak eta ezagunenak.

Sanjuan-sua

Jai honetako sinbolorik adierazgarrienetarikoa dugu. Eguzkiak argia eta beroa dakarzkigu, suak ere bai; horregatik biak batzen egun honetako ospakizunetan. Bezpera ilundean, suak pizten ziren herriko enparantza, baserri, soro eta bidegurutzeetan. Gaur egun ere halaxe egiten da. Jendea sutearen inguruan biltzen zen eta suaren gainetik salto egiten zuen formula bereziak esanez: “San Juan, San Juan berde, artoa eta garia gorde, txantxikuak eta zapoak erre. Biba San Juan berde!” edo beste hau: “San Juan Bautista, onak barnera, gaitza kanpora, bakea eta osasuna komeni bada. Sarna fuera!”.

Suok gizona gaixotasunetatik babesteko indarra dute, batez ere azaleko gaitzen kontra. Abereei ere errauts gainetik pasarazten zitzaien, hauek ere kalte guztietatik libre izan zitezen. Soroetara ere egiten zuten osteratxu bat sutan zeuden gabilekin lapurrengandik, sorginkerietatik eta pizti txar guztiengandik libratzeko eskatuz.

Ura

Itsaso, erreka eta iturrietako urek, baita garoak, urtean zehar ez dituzten botere bereziak hartzen dituzte egun honetan. Doniane bezperako ura berezia da. Gaueko hamabietan, harriak ogi eta urak ardo bihurtzen omen dira.

Eguna argitu orduko ihintza hartzea eta belar gainean ortozik edo garisoroetan biluzik ibiltzea eta iturrietan aurpegia, eskuak eta oinak garbitzea, ohitura zabala izan da Euskal Herrian. Hau azaleko gaixotasunak (ezkabia, hazteria, legena, etab.) osatzeko edo sendatzeko eta eritasunok norbera ez kutsatzeko ere egiten zen. Nafarroan egun honetako gauerdi edo hurrengo goizean erreka edo iturriren baten bainatzeari sanjuanada deitzen zitzaion.

Bestalde, Nafarroa aldean ere, Doniane bezperako gauean, emakume antzuak iturrira joaten ziren eta ura edan ondoren iturriaren harrietako baten kontra igurtzen zuten sabela, hau eginez gero haurdun geratzeko esperantzan.

Landareak

San Juan bezperan sortatxo bat prestatzen zen, zenbait belar lore, gari eta arto landare, berakatz-buruak, sagar adar eta abarrez. Hurrengo egunean meza nagusian bedeinkatzen zituzten, eta bueltan ganbaran uzten ziren sikatzen. Ekaitza zenean sortako zenbait belar hartu eta surtara botatzen ziren. Urtean zehar errebako landareak hurrengo sanjuan-suan erretzen ziren.

Doniane-egunean mendira joan eta lizar edo elorri zuriaren adarrak ebakitzen ziren. Etxeko atearen albo bietan edo balkoian jartzen ziren eguzkia irten baino lehen, etxea eta etxekoak ekaitzetatik eta tximistetatik babesteko. Urte osoan egoten ziren adar hauek ate ondoan eta hurrengo urteko sutean erretzen ziren. Hau baserri askotan gaur egun mantentzen den ohitura da. Nafarroa aldean ostera eguzki-lorea jartzen dute, eguzkiaren ordezkaritzat dutelako. Lore hau sorgin eta izpiritu txarren kontrako kutuna da, ganadua gaitzetatik libratzeko ere erabiltzen da.

Landareek ez ezik zuhaitzak ere garrantzi handia hartzen du udako ospakizun hauetan. Herri askotan lizar edo makal luze adargabea jartzen dute plaza erdian edo elizaren aurrean. Zuhaitza dagoen lekutik hartzen dute, batzuetan jabearen baimenik gabe ere. Enborra lorez eta landarez apaintzen dute eta puntan trapu zaharrez edo lastoz egineko txotxongiloa jartzen dute. Enbor hau leku batzuetan erre egiten da eta beste batzuetan lorak sikatzen direnean kendu egiten da beste barik.

Egun honetako ohiturekin amaitzeko San Juan bezperan, gauerdian, ume txikiei etena edo sabeltxikia sendatzeko egiten zen antzinako erritua aipatuko dugu. Honetarako gehienetan haritza edo artearen enborra erabiltzen zen. Ohikune honetan Juan izeneko gizon bik hartzen zuten parte. Euretako batek izaten zuen umea besoetan gauerdian erlojuak jo aurretik. Lehenengo danga entzuten zenean, “Juanek uzten zaitu” esanez, bigarrenari ematen zion umea zuhaitzaren adar biren artetik edo aizkoraren bidez enborrari egin zitzaion irekiduratik. Bigarren gizonak “Juanek hartzen zaitu” esanez jasotzen zuen umea. Ekintza hau behin eta berriro errepikatzen zuten kanpaiak amaitu arte. Gero adar biak edo zuhaitzean egindako irekidura lotzen eta ixten zuten; bizirik irauten bazuen, haurra sendatu egiten zen, baina sikatzen bazen, ez.