EZKONTZAK

ezkontzak

Bizitza ohikuneetatik, jaiotzarekin batera ezkontza izango da seguruenik ospatuenetarikoa. Berarekin lotuta hainbat erritu eta jaialdi egin izan dira. Euretako batzuk ezkontza aurreko egunetan hasten ziren, adibidez: deiuneak; senargaia neskalagunaren etxera lehenengoz joaten zenean egiten zen botagaba; familia bien arteko lotura estutzeko, ezkontza eskatzeko, ezkontzarako hitzarmena zehazteko eta opariak elkartrukatzeko egiten zen aurpegi-ikustea; batez ere mutilek (geroago neskek ere) lagunen artean egiten zuten ezkontzaurreko agurra; ezkongaiak toberekin koplatzea; neskaren arreoaren eramatea…

Ezkontzak bi atal zituen: ezkontza bera (eliz ospakizuna) eta ezteiak edo ezteguak, haren ondorengo jaia. Lehenengoak ez zuen gaur egun duen besteko garrantzirik. Elizkizuna lanegunean izan ohi zen, gonbidatu gutxirekin, lana ia eten ere egin gabe. Ezkontza egunean bertan bazkaria egiten zuten, etxeko seme edo alabaren ezkontidea etxean hartzen zela ospatzeko edo, etxera zetorrena andrazkoa izanez gero, etxekoandre berriari ongietorria emateko.

Ezkontza gehienbat neska eta mutil gazteen arteko kontua zen. Gazteria zen ezkongaiekin batera elizarantz abiatzen zena, musika eta suziriekin, eta alaitasun giroan. Lekukoak ere ezkonlagunen artean aukeratzen zituzten.

Denborak aurrera egin ahala, gaztez osaturiko ezkonlagunen taldea beste gizatalde batzuekin osatuz joan zen. Etxeko senideez gain urrunagoko senitartekoak ere gonbidatzen dira, jende kopuruak gora egin duelarik. Lehen gonbidatuak ezkontzaren eguneko goiz partean senargai edo emaztegaiaren etxera joaten ziren handik elizarantz abiatzeko. Irten baino lehenago etxekoak barauskarria hartzera gonbidatzen zituzten. Etxetik elizara arteko ibilbidea elizabidetik egiten zen.

Antzina elizaren ate aurrean baimena eman eta diru-eraztunak bedeinkatu egiten ziren, hori baitzen promes eta zin sakratuak egiteko izendatuta zegoen tokia. Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, ospakizuna eliz barruan egiten hasi zen, aldare nagusiaren aurrean. Mezan senar-emazte berriak ezkontza-estalkiarekin lotzen ziren.

Senar-emazte ezkonberriak elizatik ateratzean ikusmin handia izaten da, eta txaloak egin, zoriona opatu, eta, zenbait kasutan, ohorezko dantza egin eta suziriak botaten zaizkie. Azken urteotan arroza jaurtitzeko ohitura sartu da.

Batzuetan, ezkontza egunean bertan egin beharrean, eztei-bazkaria hurrengo igandean egiten zen, eztei-bidaia labur baten ondoren. Egun horretan emazteak familia berriaren eliz hilerria edo jarlekuaren jabetza hartzen zuen, eleiza-hartzea, eta aurrerantzean, etxe berriko hildakoei eskeintzak egiteko ardura hartzen zuen etxekoandre gazteak.

Ezteiak egun batez edota bi edo hiru egunez luza zitezkeen, beti ere, sendiaren mailaren eta diru-baliapideen arabera. Bezperan animaliak hiltzen ziren eztei-bazkarirako jakiak atontzeko. Auzokoen laguntzarekin, etxeko emakumeek prestatzen zituzten jakiak eta jantokia. Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera eztei-bazkaria etxetik kanpo egin izan da, jatetxeetan hain zuzen.