Gabon Jainkoak

partituraButtom

GabonJainkoak

Toberak jotzea deiune aldiko edo beste toki batzuetan ezkontza eguneko usadioa da. Tobera izenak esanahi desberdinak ditu: 1. Herri batzuetan bigarrenez ezkontzen direnei edo gaizki konpontzen diren ezkontideei ematen zaien zentzerrada da. 2. Dolarean sagardogintza amaitzen denean jendeari abisua emateko erabiltzen den kantua. 3. Deiune aldian ezkongaiei eskeinita abesten diren koplak. Hauexei buruz hitz egingo dugu jarraian.

Manuel Lekuonaren ustez izen hau jatorriz, antzina oletako sutegietan egoten ziren hauspoen puntetako haizebideetatik edo toberetatik hartua da. Pieza honek kono itxura zuenez, burnizko makilatxoz joz gero durunda handia egiten zuen, horregatik koplak kantatzen ziren errondetan eramaten zituzten musika tresnatzat erabiliz. Gero pieza hauek sutegietara finkatu ziren eta euren ordez askoz ere zarata gutxiago egiten zuten altzairuzko barrak erabiltzen hasi ziren.

Toberak deiuneak egiten ziren domekan edo ezkontza gauean jotzen ziren. Horretarako goizean, auzoko gazte bik palanka bat jartzen zuten emaztegaiaren etxaurrean. Gero beste neska bik, eurak ere auzokoak, lorez eta zintaz apaintzen zituzten adiguri handiz. Palanka hau toberak amaitu arte egoten zen emaztegaiaren etxaurrean.

Toberak jotzeko gutxienez bost lagun behar ziren: bi toberak eusteko, beste bi jotzeko eta bosgarrenak koplak botatzen zituen. Lehenbizi toberak jotzen ziren, segituan lehenengo kopla eta gero berriro toberak, halaxe egiten zen bata eta bestea tartekatuz. Lehenengo koplak berdinak izaten ziren beti, hauen bidez koplariak taldearen asmoa azaltzen zuen. Hurrengokoak ostera hitzetik hortzera esaten ziren, bakoitzaren ostean koruak leloa abesten zuen.

Ekitaldia amaitzen zenean eskerrak emateko, ogia, gazta eta ardoa ematen zitzaien tobera jotzaileei.


Gabon Jainkoak
Gipuzkoa, Nafarroa

1.
Ave Maria Purisima!
Jaungoikoak gabon!
Deklaratzera noa
zer desio dugun:
toberak jotzera gatoz
bost edo sei lagun.

2.
San Martin de las monjas,
monjas de san Martin.
Toberak jo ditzagun
ordu onarekin;
ordu onarekin eta
Birjina amarekin.

3.
Nobio jaunak esan dio
andre nobiari:
—Zer egingo ote diegu
gizon horiei?
Umore ona paratzea
gustatzen zait niri.

4.
Andre nobiak errespuesta
jakina bezala:
—Etorri diradenez gero
kanta dezatela,
lotsa handia emango
diegu bestela.

5.
Ohea jantzirik dago
almohada birekin
nobioak estreinatzeko
nobia andrarekin.
Ha zer eguna duen
zuentzat argitu!

6.
Bihar espos zatela
egun dut aditu,
zortzirak jo dute eta
bederatzietan da;
gure laztan galanta
oi, non ote da?