Hemen azalduko dugun eztei ospakizuna azken deiunearekin batera egiten zen, emaztegaiaren arreoa senargaiaren etxera eramaten zen egun beratan. Antzina arreoaren eramatea oso garrantzitsua zen, batez ere ezkongaietako bat oinordekoa zenean. Ekintza hau ohikune egin zen eta ezkontide berriaren etxe-sartzea agerian jartzeko egiten zen.
Segizioaren buruan emaztegaiaren neba joaten zen. Dunbadun ahari bat eramaten zuen eta honi adarretan zinta gorri bat jartzen zioten. Etxeko andreak zinta hau kentzen ahalegintzen ziren baina mutila hori gerta ez zedin saiatzen zen. Norbaitek zinta kentzea lortuz gero nebak ezin zuen eztei-bazkarian parte hartu.
Bere atzetik txistulariek Ioiak izeneko kanta jotzen zuten. Ostean behi pare batek tiratuta eztei-gurdian andregaiaren arreoa eramaten zen: ohea, lastamarraga, gurutzea, gorua, ispilua, eta berak eginiko arropa zuria (izarak, mantelak, eskuoihalak…). Ohitura zenez gurdiaren ardatzak zarata handia egin behar zuen, zenbat eta izkanbila handiagoa hobe, modu honetan herriko guztiei ospakizunaren berri ematen zitzaien eta. Jarraian mando biren gainean zorro bat gari eta zahagi bi ardo eramaten ziren.
Gero zaldi baten gainean emaztegaiaren ahizpa edo senitarteko beste neskaren bat zihoan. Derrigorrez ezkongabea behar zuen. Honek altzoan zetazko oihal zuri baten bilduta andregaiak senargaiari oparitzen zion hariz eginiko alkandora eramaten zuen.
Segizioa etxera heltzen zenean, nobioaren anaia egoten zen euren zain ahariari zinta gorria kentzeko eta bere txapelan jartzen zuen apaingarri gisa. Gero, arratsaldean, zinta kendu gabe, emaztegaiaren ahizparen bikotea izaten zen dantzaldian.
Egun horretako bazkaria senargaiaren etxean egiten zen. Jateko: zopa, garbantzuak azarekin, zikiro edo ardi lapikokoa, oilasko errekia, postrea, kafea, pattarra eta txokorra. Une horretan senar-emaztegaiak ondoren datozen bertsoak botatzen zizkioten elkarri. Egun honetako ospakizunari amaiera emateko nobioa eta beronen lagun bi afaltzen joaten ziren emaztegaiaren etxera.
Andre Nobia
Baztan (Nafarroa)
1.
2. |
3.
4. |