MARIJESIAK

bideobuttom

19 Belar metak Paulo EtxeberriaOndorengo kantu biak Marijesietan kantatzen direnetarikoak dira. Marijesien ohiturak bat egiten du Euskal Herri osoan, eta gure inguruko herri guztietan, kalerik kale kantatzen diren Eguberri-kantu nagusiekin (Iparraldean Noelak izenekin heldu zaizkigu giro honetako lekukotasunik gehienak, literaturaren bitartez askotan).

Marijesien ohitura hau, azken baten, Gabon inguruko ospakizunaren bederatziurrena egiteko zen. Historia sagaratua da kantuz azaltzen dena (Adan eta Ebarengandik hasi eta Jesusen jaiotzara arte, Amabirjinaren anuntziazioa, Hiru Erregeen etorrera, eta abar). On Manuel Lekuonaren ustez kantu-moeta hau, sarritan, herri askotan dauden fraile-komentuekin eta hauen eragin sozial eta kulturalarekin lotu beharko litzateke.

Lehenago zabalago zebiltzan (baditugu, nahikoa ahulik eta zatika bada ere, Bizkai osoko hainbat lekukotasun: Arratia eta Zeberio, Busturialde osoa, Markinaldea eta Lea-Artibai bailaretan, eta abar), gaur egun osperik eta indarrik handiena hartu dutenak Gernikan urteoro hiriko gazteek egiten dituzten Marijesiak dira.

Marijesiotan herriko gazteek (lehen mutilek bakarrik, aspaldion neskek eta mutilek batera) egiten duten ibilbidea aldez aurretik ondo finkaturik dago. Errondan irteteko direnean, goizaldeko orduetan, gazteak elizaren atarian elkartu eta belauniko jartzen dira. Berehala hasten dute erronda, aurrean koplaria dela. Honek kopla bat kantatu eta taldeak atzetik erantzun. Eten barik dihardute kantuan errondariek.

Kantatzeko erabiltzen diren koplak eta doinuak aldatuz doaz Gabon eguna hurbildu ahala. Gaur egun, gainera, tradizio honen barruan txertatu dira Gernikako bonbardaketan hil zirenen oroimeneko geldialdiak. Koplari eta laguntzaileen ostera goizeko orduetan amaitzen da. Hauxe da egunean-egunean eta bederatzi egunez errepikatzen den erritua.

Erronda honen azken irteera Gabon egunekoa da. Egun honetan meza egiten da eta kantari guztiek saio berezia egiten dute gaur egun ospakizun horren barruan.

Gabonak dira eta Marijesien eredua Gernikaldean jasotakoa da, eta Nazaretako tenplu santuan Markinaldean eta Zeberion kantatu izan diren txatalak erabiliz osatu da.