Neguko solstizio osoko ekintza eta ospakizun tradizionalen barruan berebiziko indarra dute Eguberri inguruetan eratzen direnek.
Aurreko orrietan ikusi dugunez bizitasun handiko indarra izan dute eta badute oraindik ere gure artean. Gehien nabarmentzen diren ekintzak gaztetxoen eta haurren eske-kantu eta errondak dira. Ekintzok Euskal Herri osoan hedaturik daude eta eten barik agertzen dira bai Gabon-egunaren inguruan, zein Urteberrian edo Erregen eguneko ospakizunetan.
Aipagarriak dira, elizaren egutegiaren ezarpenetik etorri izan zaizkigun moldaeretatik aparte, zahar usaina duten beste hainbat erritu, auzoan eta familian, etxe barruan, egin izan direnak. Hauetan urak, suak eta naturako beste elementu batzuek duten indarra oso handia izan da, garai baten behintzat.
Beste alde batetik, eta Europako erdialde eta mendebalde honetan, eutsi egin zaio beti eliz giroko kantuen tradizioari. Tradizio-kate honen azken begia gaur egun gure herrietan kantari-talde eta abesbatzek egiten dituzten saioak ditugu.
Ez da hemen, baina, neguko ziklo osoa amaitzen. Honen jarraian, eta urtean-urtean aldagarri den egutegiaz, inauteri inguruko ekintzak agertzen dira.
Karnabalizazioak baditu gure inguru kulturalean hainbat antzekotasun. Giro honen barruan jarri behar genituzke gure artean otsail inguruan hasi eta udaberriaren ospakizunerako eratzen diren agerpen tradizionaletan zaindu izan diren ekintzak. Baina gai hau Urte-sasoiak bilduma honetako hurrengo baten agertuko zaigu zabalago eta zehatzago.