BIDEOA

bideobuttomhtml-pdf

GIDOIA

Abenduaren lehenengo egunetan gaude. Gauak ordu pila bat jan dizkio egunari eta arratsaldeak erabat laburtu dira. Baina, alderantzizko prozesua ere laster hasiko da: eguna orduak irabazten joango da, gauari denbora kenduz.

Hau oso ondo ezagutzen zuten antzinako gizon-emakumeek. Artzainak ziren, batik bat. Egutegirik ezagutzen ez zutenez ilargia, natura eta eguzkiaren kontuak oso garrantzizkoak ziren eurentzat. Konturatzen ziren denboraren joan-etorrian ziklo bat bazegoela: denbora luze batez egunak luzatzen joaten ziren eta, halako batean, eta egun batzuez, geratu egiten zen egunak luzatze hori. Gure gaur egungo egutegian ekainaren 21 eta 24aren inguruan. Eta ondoren, kontrako bidea hasten zen: egunak laburtzen hasten ziren, berriro ere tope bezalako batera iritsi arte. Eta hau gure egutegiko abenduaren 21 eta 24aren inguruan gertatzen zen.

Bi aldi hauek udako eta neguko solstizioak bezala ezagutzen ditugu. Bi solstizio edo eguzkiaren itzul-muga hauek (Barandiaranek deitzen zien bezala), zeresan handia zuten gizon-emakume haientzat. Hor hasten eta amaitzen ziren urteak eurentzat eta hor egiten zituzten euren ospakizun eta jai handiak.

Atal honetan neguko solstizioko festak ikusiko ditugu. Euskal Herriko Gabon jaiak eta euren inguruko ospakizunak aztertzen saiatuko gara. Aurrez, ordea, gogora dezagun festa hauek duten izaera bikoitza: aldiaren eta urtearen esperientziari dagokiona bata (Eguberriak) eta kristautasunaren eraginez eta gizaldietan zehar sortutako kulturarena bestea (Gabonak).

Abenduaren 6an San Nikolas eguna ospatzen da. Hainbat tokitan “obispo txiki” bezala ezagutzen bada ere, edota obispillo bezala Gasteizen. Oles egiteko ohitura dago, hau da, etxez etxe kantuan ibiltzen da, etxekoei zorionak emanez eta etxeko guztiei koplak kantatuz edo Kristoren jaiotzaren berri emanez. Hasiera batean meza-mutilak apezpiku janzten ziren. Hau sarri jazotzen da Gabonetan, eta, batez ere Inauterietan, kronologiaren apurketarekin, ordenaren eta legearen apurketa dator, jaia dator.

Gernikan gaude. Gabon aurreko bederatzi goizaldean kantatzen dira Marijesiak. Erronda goizaldeko lauretan hasten da eta pauso biziz kalez kale ibiltzen dira, Adan izan zenetik Kristoren jaiotzara arte historia sakratua garatzen duten koplak abestuz, batak esan eta besteek erantzun.

Eguberritan, Euskal Herrian, kantua da nagusi. Abenduaren 24a. Goizean goizetik talde ugari dugu kalean gabon-kantak han eta hemen zabaltzen.

Olentzero ere hor dugu. Gaur egun arlote gisa ageri zaigun arren, antzinako kulturan agian izango zen Eguzki Jaunarekin loturiko pertsonaia handiren bat. Gaur egun, bere izaera oso desberdina da toki batetik bestera. Batzuetan arrantzalea da, beste batzuetan ikazkina, jatun handia, edarizalea ere bada… Batetik izaera baldarra du. Bestetik, Jesusen jaiotza iragartzera datorkigu. Azkenengo jentila da, hain zuzen, honen berri ematera datorrena.

Beste agerpen bat, berriena, eraman-ekarriko jaiotzena da. Artzain-kantak kantatuz, etxez etxe ibiltzen dira beren jaiotzatxoak andetan hartuta.

Esan dugu eskea edo oles egitea dela Gabonetako ohiturarik hedatuena. Arratsaldez, berriz, nagusiek irteten dute, kantak medio, arratsa girotzera. Eske hau Gabon-egunean eta urtearen mugan, Urteberri egunean eta Erregenetan egiten da bereziki.

Etxez etxe kantatzen diren hauek dira gabon-kantarik zaharrenak: kopla zaharrak. Etxe bakoitzean, abesteko baimena eskatu eta gero, etxeko bakoitzari dagokion kopla kantatzen zaio. Ohitura hau aurkituko dugu beste ospakizunetan ere: Santa Agedan, Inauterietan, eta sanjuanetan.

Toki batzuetan Gabon-gaueko afarian etxeko jaunak ogia hartu eta bedeinkatu egiten zuen. Zehatu eta zatitxo bat gorde egiten zuen leku jakin batean. Handik urte betera zati hori hartu eta sutara bota edo jaurti egiten zen. Gordetako ogi honek bazuen aparteko indarra: txakur amorratuak sendatzeko, etxea oinaztarrietatik zaintzeko, soroak gordetzeko eta abar.

Abenduaren 31 Gabon Zahar eguna. Hemen, urte zaharra errepresentatzeko badaude beste ohitura batzuk.

Arabako zenbait herritan, Agurain adibide, Gabon Zahar egunean panpina bat kalez kale ibiltzen dute. Honek urte zaharra adierazten du. Eta, azkenean, sutzar baten gainean jarri eta erre egiten dute. Erre, ipurdi errea!

Urteberri goiza da. Herri batzuetako haurrentzat etxerik etxe eskean joateko aukera. Lehen intxaurrak, urritxak, gaztainak, arrautzak eta, beharbada, txanponen bat jasotzen zuten.

Gabonetako azken festa Erregen eguna da. Hemen ere badaude ospakizun ezberdinak. Gehienak bezperan ospatzen dira. Donibane Lohizuneko Trufania edo Neguko Festa Berria bere haur erregeekin. Eta, ospakizunik ezagunena izan daitekeena: Erregen kabalgata. Baina badira beste batzuk ere, hain ezagunak ez izan arren. Erregenetan ere goizean goizetik umetxoak Erregen-erregen edo Apalazio zalduna hasiera duten errepikak kantatzen zituzten auzoko etxeetan.

Ikusi dugun bezala, Euskal Herriko Gabona, hamaika ohitura ederrez osatutako garaia da. Hauek ezagutzeak gehiago estimatu eta hobeto zaintzeko balio izan dezala.