OTXOMAYOAK: Entradillak

bideobuttomentradilak

Maiatzaren zortzia Urduñan egun handia da. Otxomayoak ospatzen dira. Baina jaiotan Urduñakoek ezezik, Arrastariakoek ere parte hartzen dute.

Bai batzuek eta bai besteek Ama Birjinari egindako botoa berrituko dute. Ohitura hau XVII. mendetik dator, orduko arduradunek Antiguako Ama hiriko zaindari izateko promesa egin zutenetik.

Maiatzaren 9an Arrastariakoen eguna da. Gaur egun Araba dira. Amurrioko Udalean sartuta daude Arrastaria osatzen duten lau herriak: Tertanga, Delika, Artomaña eta Aloria. Hurrengo domekan Saratxokoak ere etortzen dira.

Lau herrietako ordezkariak Delikatik datorren bideko sarreran, Buen Sucesoko ermitaren parean, biltzen dira. Han txistulariak itxaroten die eta elkarrekin egingo dute elizarainoko prozesioa. Bakoitzak bere estandartea eta parrokiako gurutzea darama. Horrez gainera, gaztetxoek Ama Birjinari eskainiko dizkioten kandelak daramatzate. Atzetik agintariak eta herritarrak doaz.

Meza ordurako eliza bete-bete egiten da. Elizkizunaren atzenean Arrastariako ordezkari batek jota bat abesten dio. Mezaren amaiera kanpai-hotsez adierazten da. Une horretan erretaulako Ama Birjinari buelta ematen diote, eta herritarrak banan-banan pasatzen dira, estolari muin eman eta diru eskaintza egiteko.

Gero kanpoan Entradillas deritzan dantza egingo dute. Lehenago dantza-saio hau biziago egiten omen zen, ‘Orain Delika’, ‘Aupa Tertanga’, ‘Gora Aloria’ eta holakoak esan eta dantzariak irteten ziren. Gaur egun dantza-taldeko gaztetxoek egiten dute dantza, eta ostean nagusiek txanponak botatzen dizkiete eta hor ibiltzen dira zeinek txanpon gehiago batuko. Amaieran agintariek oroigarriak banatuko dituzte.

Itzulbidea berriz ere prozesioan egiten da. Herrira heltzean, Urduñako alkatea egoten da euren zain, eta agintariek makila-trukea egiten dute. Horrek adierazten du une horretatik aurrera Arrastariako ordezkaria dela aginteduna Urduñan, harik eta berriro trukea egin arte.

Hortik ostatu zaharrera joan eta hitzaldiak egiten dituzte agintari batzuek eta besteek elkarrekin bazkaltzera joan aurretik. Bazkalostean berriz makila-trukea eginda elkar agurtzen dute.