Jarraian aldi honen egutegi orokorra gogora ekarriko dugu, ospakizun nagusiekin batera, aukeratu ditugun kantuen berri emanez.
Gizakia gizaki denetik, bere inguruan jazotzen diren gertaerak ulertzeko eta bere bizitza eta inguruko mundua ulertzeko ahalegina egin izan du beti. Ikuspegi orokor batzuk eta kategoria jakin batzuk erabili izan ditu egunoroko ekintzak ordena jakin baten barruan kokatzeko.
Gizon eta emakumeek naturarekin izan duten lotura estua dela eta, berau eta beronen zikloa hartu izan dute behin eta berriro, eten barik, errepikatzen diren jazoerak irizpide eta neurri gisa hartuz.
Zuzeneko esperientzia honetatik abiatuta ere aztertu behar genituzke Euskal Herrian neguan egin izan diren eta oraindik ere egiten diren agerpen tradizionalak.
Lehenengo eta behin, eta urtearen egunean eguneango ibilbidea ikusita, munduko gizatalderik gehienetan mugarri nagusi bi ezartzen dira, eguzkiaren natura-zikloarekin lotura dutenak biak: neguko solstizioa eta udako solstizioa. Eguzkiak zeruan egiten duen joan-etorriari begiratuta eta eguneko eguzki orduen kopurua ikusita ezarri dira solstizioak mundu tradizionalaren barruan. Hona hemen On Manuel Lekuonak nola azaldu zuen hori:
“Ikusten zuten [euskaldun jentillek], ikusi, Eguzkia os-ertzean, horizontean, beti leku ezberdiñetan azaltzen dala, eta baita ezkutatzen ere: gero-ta ifar-alderago, edo gerota ego-alderago (“olloaren arra”, “ardiaren xaltoa”). Ikusten zuten, gero-ta ifar-alderago dijoanean, eguna luzatzen dijoala; eta, gero-ta ego-alderago dijoanean, eguna laburtzen.
Bañan, ikusten zuten, baita, ibilli orretan Eguzki Jauna noizpait neurri batera tope-egitera, iristen dala, eta orduan atzeraka asten dala: len luzatzera bezela, orain laburtzera; eta len laburtzera bazan, orain luzatzera.
Tope ortara eltzeari erderetan solstitium, solsticio deritzaio (…). Eta, esan dedan bezela, os-ertzeko gertakari ori gure artzaiak oso ondo igerria zeukaten. Eta ori gertatzeneko illunabarrean, jai aundiak egiten zizkioten Eguzki Jaunari (Eguzkia bera illunabar artan dantzan agertzen zala esaten ere zuten). Orixe da, San Juan gabean antziñako euskaldun artzaiak ospatzen zuten Gertakari ta Misterioa. Kristau-aurreko jaia, jai garbia; eta orren gogoangarri sortuak ditugu, gaur oraindikan gure baserrietan kanta oi diran zenbait kanta zaar. Bidasoa-inguruko Olentzero-kantak, adibidez”.
Solstizioek markaturiko une nagusi bion barruetan zedarritzen da urte sasoien antolakuntza berezia. Hauen inguruko gizarte eta familia ospakizunak orokorrak dira munduko lau alderdietan. Orokorra da, baita, naturako beste elementu batzuren erabilera era honetako ohikune eta errituetan: sua, ura, eta abar.
Eguzki-zikloaren nagusitasun honekin batera kultura batzuetan ilargiaren zikloak ere aparteko indarra hartu izan du. Gure artean ilargi-zikloaren eraginaren hondar batzuk baino ez zaizkigu gelditu, Pazkoaren eta honek markatzen dituen inauterietako herri-ospakizunetan. Bigarren ziklo honetan ageri zaigu gure mendebaldeko kulturetan herri-tradiziorako kontuan hartu beharreko beste eragin handi bat: eliza. Kristautasunak, sarritan, aurretik datozen ekandu eta errituen kokaguneak eta ekintzak bere egin ditu, gainean eliz ospakizunen zikloari dagozkien ezaugarriak jarriaz. Begien bistakoa da joera hori aztergai ditugun ospakizunotan: San Nikolas, Eguberriak, Urteberri, Erregen eguna…
Holan, bada, nahas-mahas eta inongo eten barik agertzen dituzte gure Eguberrietako herri-ohiturek aspaldi-aspalditik datozkigun ezaugarriak eta elizaren eraginez jasotako hainbat eta hainbat joera.
Euskal Herria geografikoki kokatuta non dagoen ikusiz gero, hauxe da labur-labur esan litekeena: orografiaren eta hidrografiaren aldetik, Euskal Herri kontinentala eta Euskal Herri penintsularra erraz bereiz daitezke. Beste alde batetik, ezaugarri naturalei begiratuta ere, bada alderdi bat kostalderantza eta Bizkaiko itsasora jotzen duena, eta beste bat Mediterraneorantz egiten duena.
Eguratsak orokorrean hartuta, udatik negura, ez du aldaketa gogorregirik. Gure herriko klima itsasalderantza euritsua eta umela da. Barruko aldean lehorragoa da, eta nabarmenagoak dira hemen neguaren eta udaren arteko aldeak. Desberdinak dira ere jendea eta bizitokiak lurraldeotan hedatzeko moduak. Era berezian sorturiko hiri edo bizitokiak alde batera utzita, lehengo lurralde horretan etxeek bailaretan sakabanatuta agertzeko joera dute. Zenbat eta barrurago, orduan eta etxe-multzo gehiago.
Ezaugarri objektibo hauetatik abiatu behar dugu neguko urte-sasoi honetako ekintza batzuk nola eratu diren ulertzeko.
Neguarekin batera gure baserriek aberastasun handiena gordetzen dute euren gordetegi eta ganbaretan. Udazkenetik uzta guztiak batuta daude: garia, artoa, ortuariak… Beste fruitu asko ere eskueran daude: gaztainak, intxaurrak, hurrak… San Martin egunetik aurrera txerri hiltzearen osteko emaitzak prestatuta, kontserban jarrita, gatzunasketan eta sukaldeetan dindiliz, jateko moduan daude. Dolareak dauden tokietan, mahatsaren edo sagarraren prozesua bidean dago eta upak eta barrikak bete-beterik daude.
Prest daude une honetan etxeak lege zaharrean zor den ekintza betetzeko: beharrean dagoenari ematea. Gizarte-erakuntza tradizionalean ez daukanak eskean egin lezake (aterpe bila edo jatekoaren bila) eta daukanak eman egin behar du. Hori da gizalegea. Hemen, bada, gizataldeekin loturiko beste erakuntza bat ageri zaigu.
Gaur egun baliabide ekonomikoak dira gizataldeak desberdintzeko irizpide nagusia. Lehenago, baina, bazen jatorritik edo dirubideetarik kanpo ezartzen zen beste banaketa bat: etxeko lanekin eta etxe barruko hartu-emanekin loturikoa. Kriterio honi jarraituz baziren mundu tradizionalean gaur ez bezalako beste talde batzuk: haurrak (gurasoen babespean bizi zirenak), gazteak (etxeko lanetan zihardutenak baina askatasun ekonomikorik ez zutenak), ezkonduak (etxe berria eta beronen iraupena eratzeko elkartzen zirenak), zaharrak (etxean bizi bai, baina etxeko lanetatik aldenduta zeudenak, haurren kargu hartuz askotan)…
Talde hauetarik aipagarriena gazteena zen. Mutilek, batez ere, euren gain hartzen zituzten gizartearen erakuntzarako ardura asko eta asko (herriko edo auzoko ospakizunen antolakuntza, biztanleen kontrol sistemak, eta abar). Baina ez zeukaten baliabide ekonomikorik. Hori zela eta aukerarik txikiena zutenean errondari irteten ziren, eta etxerik etxe eskean joaten. Sasoiko mutilok, gainera, aukera horiek ez zituzten galtzen ezkongai zeuden etxeetako neskei aipamen bereziak egiteko.
Oso antzekoak dira haurrek egun horietan egiten dituzten eske-kantuak. Batzuen ustez neska-mutil koxkorrek egiten dituzten hauek, gazteek eginikoen oinordekoak izan litezke.
Har ditzagun gogoan, bada, hemen labur-labur aipaturikoak eta eman ditzagun jarraian Euskal Herriko eskualde desberdinetako kantu eta ekintza bereziak.