Oi Bethleem!

bideobuttom partituraButtom

leihoa LekunberriGabon kantutzat hartzen ditugun gehienak, Euskal Herrian zein inguruetako tradizioetan, eliz girotik irten eta gero kantari-taldeetan edo abesbatzetan txertatu izan dira. Oinarri-oinarrian herri-tradiziotik jasotako ereduak ez badira ere, ezin ukatu ospakizunotako giro horretan betekizun handia dutela. Era horretako kantuen adibide gisa Iparraldeko hiru lurraldeetan hedaturik dauden bi kantu dakartzagu hona, hemengo hau eta hurrengoa.

Oi Bethleem! zehatz aztertu dutenek lehenengo eta behin itzulpena dela aipatzen dute. Badirudi abesti hau frantsesez eta biarnesez ere ezaguna izan dela. Dena den, kantu honen lehenengo agerpen dokumentatuak 200 urtetik gora du. Aitortu beharko zaio beraz zelako edo halako tradizioa gure artean. Beste alde batetik, gure folkloristarik handienek (Aita Donostiak eta batez ere On Manuel Lekuonak), behin baino sarriagotan aukeratu dute Oi Bethleem! hau euskal Gabon-kantu ederrentzat.


Oi Bethleem!
Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa

1.
Oi Bethleem!,
hala egun zure loriak;
oi Bethleem!,
ongi baitu distiratzen
zuganik heldu den argiak
betetzen ditu bazter guziak,
oi Bethleem!

2.
Zer ohore!
Ala baitzare goratua!
Zer ohore!
Zer grazia! Zer fagore!
Zeruaz zare hautatua.
Jesusen zare sorlekua,
zer ohore!

3.
Guregatik
Jainko bat botherez bethea,
guregatik,
jausten da Zeru goratik
bai sortzen da Jesus maitea,
biktima motarik gabea,
guregatik.

4.
Mainateran
datza haurrik aberatsena,
mainateran!
Nork zukeen sekulan erran
Zeru-lurren jabea dena
ikusiren zela etzana
mainateran!

5.
Artzainekin
heldu naiz zugana lehiaz,
artzainekin,
hek bezala nahiz egin
adoratzen zaitut, Mesias,
eta maite bihotz guziaz,
artzainekin.

6.
Ez dut deusik,
o, Jesus, zuri eskaintzeko,
ez dut deusik,
bihotz hobendun bat baizik
eskerren zuri bihurtzeko
hainbat emaitzen pagatzeko,
ez dut deusik.