PASTORALA

pastorala

Herri-antzertia Euskal Herriko eremu txiki batera mugatzen da, batez ere Zuberoa eta lurralde honetako mendialdea hartzen du. Herri-antzertian hainbat antzezpen mota daude: inauterietakoak, maskaradak, xaribariak edo tobera-mustrak eta pastorala. Zuberoan pastoral hitzaz antzerki mota guztiak adierazten dira (drama, komeria, trajeria) eta herriko artzainek, laborariek, etab. antzezten duten teatroa da. Manuel Lekuonaren esanetan pastorala, musika, dantza eta olertia nahasten dituen herri-literaturaren eredua da.

Garai baten beste era batekoak baziren ere, gaur egun agerkizun hauetan batez ere Euskal Herriari lotuta dauden pertsonaia eta gertaera historikoen berri ematen da; baina beti ere gai nagusia ongiaren eta gaizkiaren arteko amaigabeko borroka da, azkenean beti ongiak irabazten duela.

Aldiro, uda partean, herri batek hartzen du Pastorala eratzeko ardura. Antzezpena beti kanpoan egiten da, estalperik gabe: herriko plazan, frontoian, larrean… Eskenatokia oholtza bat izaten da, atzekaldea oihal batez estalita dago eta honen gainean, tarima batean, musikoak izaten dira. Antzezlekuak hiru ate izaten ditu: ikuslegoari begiratuta eskumaldean dagoenetik kristauak irteten dira; ezkerraldetik ostera turkiarrak; eta erdikaldean dagoen sarreratik aingeruak, gehienetan umeek antzeztuta. Pertsonaia talde bakoitzak janzkera berezia du, kristauek (pertsonaia nagusia, laborariak, gudulariak, eliz gizonak…) soineko urdinak janzten dituzte, turkuek (ingelesak, espainiarrak, fedegabeak…) gorriak eta aingeruek zuriak.

Aspaldian aktoreak gizonezkoak ziren denak, gaur egun ordea gizonak eta emakumeak batera agertzen dira. Ekitaldia aktoreek herrian zehar egiten duten martxarekin hasten da. Gero eskenatokian ahots oneko aktore batek lehen perediküa esaten du. Honen bidez eginkizun desberdinak betetzen ditu: ikuslegoa agurtu, pastoraleko gaia aurkeztu, laburpena egin eta aktoreen sarrera iragarten du. Aktoreek errejentak edo pastoralierrak zuzenduta jokatzen dute. Hiru edo lau orduko iraupena izaten du eta eskenaldietan, jelkhaldietan banatzen da. Amaitzeko guztiei eskerrak emanez, azken perediküarekin agurtzen dute jendea.

Pastoraleko oinarri diren hizketaldiek eta ekintzek beti jarraitzen dizkiete aspaldiko doinuera eta eskenatokian mugitzeko era finkoari. Hala ere, pastoralgileek tarteka-marteka eta ekintza nagusiaren unerik garrantzitsuenak markatuaz, berenberegi konposaturiko kantuak eta aireak aurkezten dituzte.