SAN PEDRO: Erregelak

partituraButtom

Erregelak

Jatorriz bizkaitarra den dantza hau hasiera baten sanpedroetan, ekainaren 29an, egiten zen. Gero beste jaiegun batzuetan ere egin izan da eta Arabako herri batzuetara zabaldu da.

Soka-dantza eta Elizateko aurreskua izenarekin ere ezaguna zen kantu hau, gaur egun gehienek Erregelak izena erabiltzen badute ere. Dantza bost zatitan banatzen da: aurrez-aurrekoa, abarketak, erregelak edo ingurutxoa, banako zaharra eta eskasak edo zortzikoa. Erregeletako atala era berean beste zati bitan bereizia dago; aurreskua eta atzeskua. Bi hauek, beste dantza askoren moduan, kantatu egiten ziren. Honek asko errezten zuen dantzarien ikasketa; entsaioetan sarri askotan txistularirik izaten ez zenez, dantzariek eurek abesten zituzten dantzen letrak.

Dantza meza nagusiaren ostean egiten zen, herriko agintariak bertan zirelarik. Zortzi dantzari izaten ziren, euren artean aurreskularia eta atzeskularia ziren garrantzitsuenak. Alkateak eta alkateordeak urte horretan ezkondutako emakumezkoen artean bi aukeratzen zituzten eta euren omenez egiten zen banako zaharra. Goizeko ekitaldia orripekoa, arin-arina edo porrusalda eta biribilketarekin amaitzen zen.

Arratsaldean behin eta berriro errepikatzen zen Soka-dantza, kasu honetan agintaririk gabe. Dantzariek eurek euretara aukeratzen zituzten ikusle zeuden nesken artean omenduko zituztenak.


Erregelak (aurreskua)
Bizkaia, Araba

1.
Abarketak urratuta
zapatarik ez,
Bermeon gelditu naz
oinetako minez.
Hauxe dok egia
zortziko barria.
Hiru txiki arduarekin
librako ogia.

2.
Ardaotxuak parau gaitu
dantzari bai eta koplari,
ez gaituk mutiltxuok egarri
ez eta egoki.

3.
Neronen afezinoa
beti dok tabernarako
bestela gure finak
eskean beharko.

4.
Ezin faltadu,
kondezinotxuak bere
onak ditugu.
Goizean joaten gara
tabernara eta
arratsean berandu etxera
gero joaten gara.

5.
Atzo eta gaur,
harainegun bere bai,
hiruretan izan da,
gure herrian jai,
baina horigaitik, hi!
Betor ardoa.
Edan dezagun eta gero
gogoz dezagun alegrez.

6.
Erropatxu zaharrak eta
eztarriak garbi
zorra dogu franku baina
harturenak gutxi.

7.
Bart gure auzoan
ziraden hasarrez,
bai batzuetan geu bere
baita orain bere,
gogoz dezagun alegrez
alegrementean
egongo garean artean,
leku batean pitxarra aldean
gure fina biharkoz jagok
ospitalean.Tra tralailaraila
lalalalara
trialalarailalai.