EGUBERRI-GAUA / NATIBITATE

bideobuttom

eguberrigaua72Gabon-gaua, eta gau honetako afaria, dira gure artean ohikune zaharrak gorde izan duen une markatua.

Lehenengo eta behin, tradizioz, egun honetan afari berezia atondu izan da hegoaldeko Euskal Herriko herririk gehienetan. Iparraldean, bertako arazo historikoak eta soziologikoak direla eta, ordea, egun honetako ekintzek ez dute bereizgarri handirik. Afari berezia prestatu izan den tokietan, lehenago behintzat, zaindu egiten zen elizak eskatzen zuen bijilia. Horregatik, nekez agertzen zen gau horretako afarian haragia. Menurik hedatuena honako hau izan ohi zen: hasteko, aza-olioa (Nafarroan kardoak) eta oraintsuago azalorea, eta beharbada salda bereziren bat (zurruputuna). Jarraitzeko, bisigua edo bakailaoa. Postreak bai: konpotak (ardotan eginak askotan), intxaur-saltsa edo ahia. Sarri agertzen ziren egunotako beste fruituok ere: gaztainak, intxaurrak, hurrak, eta abar.

Arrainaren ordez, edo honekin batera, zabal ibili da ere etxe batzuetan gau horretan marraskiloak jateko ohitura (hauek ez zuten hausten bijilia). Dena den, aspaldion otorduok ugaritu egin dira okelekin zein era guztietako osagarri eta postreekin.

Beste ospakizunetan ere (Natibitate eguneko bazkarian, Gabon Zaharreko afarian, Urteberriko bazkarian, Erregenetan…) hegoaldeko Euskal Herrian oraindik ere jateko eta edateko bereziak prestatzen dira.

Jatekotik aparte, badira gau honetan gorderiko ohitura batzuk. Aipagarria ogi salutadorearena. Bizkai inguruetan dirau bakar-bakarrik. Gabon-gaueko afarian etxeko jaunak, edo mahaiburu denak, ogia hartu, zeinatu, mun egin eta aiztoz zatitxo bat zehetzen du. Zati hori zamauaren azpian gordetzen dute eta afalostean kutxa baten, armarioan edo toki jakin baten sartzen da. Dirudienez ogi hau ez da sekula urdintzen, eta indar berezia du: oinaztarriari kontra egiteko, ekaitzak aldentzeko, txakur amorratua sendatzeko, eta abar. Urterik urtera ogi zatitxo hau aldatu egin behar izaten da.

Hedatuta zebilen ere Gabon-subilaren usadioa gure etxeetan, eta lurralde askotan barrena. Gau honetarako berenberegi prestatzen zen mukur handi bat. Toki batzuetan udazkenean basoan jaso eta idiekin etxera eramaten zuten. Gabon-gaueko surtan erretzen zen. Su horren errautsek balio magikoa zuten eta etxekoak zein etxabereak zaintzeko erabiltzen ziren. Egur honek izen ugari hartu izan du euskaraz: Olentzero-enborra, Onontzaro-enborra, Gabon-subila, Gabon-mukurra, Suklaro-egurra