Hou pitxu hou!

houpitxuhouUrte-sasoiak izeneko bilduma honen xedea Euskal Herrian urtearen ziklo tradizionalari lotuta erabili izan diren eta bizirik dirauen ohitura-sorta plazaratzea da.

Bildumaren bigarren agerraldi honetan Eguberriaren osteko beste ospakizun-ziklo berezia agertuko dugu: Inauteria eta bere inguruak.

Bilduma honetako kanturen batek dioenez, aldi hau da neguaren bihotza.

Era honetako ospakizun tradizionaletan, pisu handia du eguzkiaren egutegiak (gogoratu neguko eta udako solstizioek Eguberri jaietan eta Donianetan duten indarra). Baina Inauterietako jaietan lehenengoz agertuko zaigu ilargi-egutegiaren eragina. Beste alde batetik, otsailaren hasieran badira egun markatu batzuk, batez ere ohikune eta erritu pribatu multzo ederrez hornitua. Egutegi-moeta biok, batzuetan, bata bestearen gainean ezarriko dira.

Hou Pitxu hou! izenburuaren azpian jarri dugu material honen edukia. Ezaguna da euskaldunon artean Maskarada; beharbada herri-ospakizunetan dugun eredurik finena, koloretsuena, landuena eta osoena. Duda barik maskarada hauetako Pitxu dugu Inauterietako izpiritua ondoen eta garbien gordetzen duen pertsonaia. Berau hartuko dugu, beraz, ziklo osoaren ezaugarri gisa.

Hona hemen Inauteri-zikloarekin lotutako ekintzen egutegia bilduma honetarako aukeratu ditugun kantuekin batera.

sarreraEgutegiaEUS1

Inauterien egutegia urterik urte aldagarria da. Pazkoak ezartzen du berau eta Garizumaren arabera eratzen da.

Pazko-eguna udaberriko ekinozioaren ondoko lehenengo ilargi betearen osteko igandea da. Udaberriko ekinozioa, ikuspegi zaharrean, martxoaren 21ean da beti, eta ilargi beteak agertzen denetik 14 egun behar izaten ditu bere ziklo osoa betetzeko. Hau dela eta, Pazko-eguna goizen martxoaren 22an izan liteke, eta beranduen apirilaren 25ean.

Honen arabera: Basaratoste goizen urtarrilaren 25ean ospa liteke eta beranduen otsailaren 28an, Igande-inautea goizen otsailaren 1ean eta beranduen martxoaren 7an, Hausterre-eguna goizen otsailaren 4an eta beranduen martxoaren 10ean, e. a.

Inauterietako ziklotik hauexek dira aukeratu ditugun kantuak eta dantzak:

sarreraEgutegiaEUS2

Eguberrietako zikloaren ostean, bada beste ospakizun garai garrantzitsua mendebaldeko herri-tradizioen artean. Berau Inauteriaren inguruan eratzen da.

Julio Caro Baroja zenak esan zuenez, ospakizun hau Garizumaren ikusian eratu zela esan behar da, nahi eta nahi ez, eta gure egunetara heldu diren ekintza zehatzak Ertaro inguruan hasi ziren gorpuzten. Dena dela, kristautasunaren bitartez jasotako hainbat ezaugarri kristautasunaren aurreko bizikera paganoaren beste hainbat ezaugarrirekin nahaste agertzen dira.

Beste alde batetik markatzekoa da karnabalizazioak berak gizarte ikuspegitik dakarren hausketa.

Inaute-aldian denboraren hariaren apurketa gertatzen da, eta denboraren joan arruntean indarrean dauden arauak, gizarte-legeak, indar barik gelditzen dira. Honetara, bada, zilegi da egun hauetan arau batzuk apurtzea, eta gizartearen mailen arteko ordena ere goitik eta behera aldatzea. Inauterietan normalean goian egoten dena behean dago, eta behean egoten dena goratu egiten da.

Gure herri-ospakizunotan nabari-nabaria da eten hau eta mozorro, irri, dantza, kantu eta antzezpen ugariren artean agertuko zaigu tokian-tokian.

Baina lege-hausketa honek badu muga bat: Hausterre-eguna. Egun honetan, elizak Garizumaren hasiera markatzen du, eta Garizumarekin batera orden soziala berreskuratzeaz gainera Pazko-egunera arteko esturasunak eta gorputzarentzako barauak eta urritasunak ere etorriko dira.

Inauteri-aldi honetatik hurbil ere, eta jatorrian beharbada nolabaiteko loturarekin, bada gure artean, Euskal Herrian, hainbat ekintza berezi otsailaren hasierako egunetan. Gaur egun elizaren ospakizun seinaleekin lotzen ditugun arren, aipagarria da tarte labur honetan pilatzen zaigun ohikune eta errituen multzoa.

Ez dute beharbada gorpuzkera handirik, txiki-txikiak dira, sarri askotan ustegabean egiten diren usadio xeheak, baina etxe-barruko eta familia giroko munduarekin lotura estu-estua dute gehienetan, eta munduaren ikuspegi tradizionala ulertzeko balio handikoak egingo zaizkigu. Itxura baten elizaren egutegiko ospakizunak diren arren, badute zahar kutsuko usaina.