Maskaradak

bideobuttom
36 Maskarada Joseba AurkenerenaBaina beharbada aipagarrienak Zuberoako herri batzuetan urtero-urtero eratzen dituzten Maskaradak dira derrigorrez azaldu beharrekoak. Maskarada batez ere Zuberoako mendialdeko eskualdeetan eratzen dute. Urtero-urtero herri batek hartzen du berau eratzeko ardura. Ederto lotzen ditu agerpen honek dantza, musika eta herri-antzertia.

Maskaradan talde bi bereizten dira: Gorriak eta Beltzak. Gorriak dira Txerreroa, Gatuzaina, Kantiniersa, Zamalzaina, Jauna eta Anderea, Laborari eta Laborarisa, Marexalak, Kukulleroak… Beltzak, ostera, Karestuak, Xorrotxak, Buhameak, Kauterak (Kabana dutela nagusi eta Pitxu ospetsua ere tarteko dutela), Medizia eta Botikariak…

Badira aspaldiko beste pertsonaia batzuk aldian-aldian inoiz azaldu izan direnak (Hartza bera edo Axuriak, Artzaina…). Pertsonaiaren izakerak oso ondo markatzen du beronen agertzeko modua, dantzatzeko erak, hizkera…

Goizeko saioaren ostean, bazkalostean Bralia egiten dute herriko plazan eta hainbat dantza jarraian. Honen ondoren Gorrien dantzak eta Beltzen antzezpenak datoz: Marexalak, Kerestuak, Satan-dantza, Xorrotxak, Gabota, Buhameak, Godalet-dantza, Kauterak…

Antzezpenaren une honetan agertzen da Pitxuren nagusitasuna. Aurretik Xorrotxen jokoan agertu izan da lehenengo Xorrotx nagusiak “Hou, Pitxu, hou!” plazara hurbil dadin behin eta berriro esanez egin dion deiaz. Jendearen algaren artean agertzen da beti, bere mozorro bereziarekin eta azeri buztanarekin.

Antzezpenaren amaiera aldera Pitxu hil egiten da eta gero bere testamentua irakurtzen dute. Azkenik hildakoa nola berpizten den ikus liteke. Hementxe ageri du Maskaradak karnabalizazioaren ezaugarria, bertan egiten diren kritikak eta trufak, herriko jende xeheari zein handikiei, ugariak dira eta.

Pitxu berpiztu ondoren azken kantua egiten da eta dantzariek eta herriko ikusleek batera eginiko dantzarekin amaitzen da Maskarada.