Otsailaren 5a Santa Ageda eguna da. Santa honek elizaren santutegian ez du martiri handien garrantzirik, baina herri-ohituretan badu agerpen zabala eta, gainera, aspaldi-aspaldikoa.
Historia sakratuak dioenari begiratuz gero, Santa Ageda Trajanus Decius enperadorearen denboretan Siziliako Catanian sortu zen mundura, 249 edo 250. urtean. Aldi hartan lurraldeko praetor zen Quintianusek emazte hartu nahi izan zuen, antza, neska ederra eta argia zelako. Baina berarekin ezkontzeko kristautasunari uko egin behar zion. Santa Agedak ez zuen fedea uzterik onartu eta hori zela eta Quintianus agintariak zigorraldi gogor baten ostean hil egin zuen.
VI. mendetik aurrera santa honek ikaragarrizko indarra hartu zuen Afrikako iparraldeko kristauen artean eta gero asko zabaldu zen Mediterraneoaren inguruko herri guztietan.
Bere zigorretariko bat bularrak ebakitzea izan zenez gero, herri-tradizioan bularreko gaitzen eta, orokorrean, emakumezkoen gaitzen babesle gisa agertzen da gehien bat.
Hala ere Euskal Herrian badu santa honek beste ezaugarri aipagarri bat: herriko gazteriarekin lotura handia duen begiralea dugu.
Santa Ageda bezperako ospakizunetan mutil gazteak ibiltzen ziren batez ere errondan, etxerik etxe koplak kantatuaz. Aparteko kontua izaten zuten halakoetan neska gazteei kanturik ederrenak egiteko.
Beste alde batetik, eta batez ere Nafarroako eta Arabako lurraldeetan, mocería izeneko herriko gazteen multzoetan, egun hau izaten zen taldearentzako egunik behinena: egun honetan egiten zuten batzar nagusia eta aukeratu egiten zituzten taldeko buruzagiak. Zilegi zuten, gainera, debekatuta zeuden ekintza batzuk egitea (elizako kanpaiak jotzea, esaterako).
Hemen eratutako gazteen taldeak urtean zehar aparteko betekizuna zuen gero herriko ekintza berezi guztietan (hiletak, ezkontzak, herriko jaiak, eta abar). Mundu tradizionalean gazteria neurri handi baten herri-bizikera askoren eta, orokorrean, gizarte osoaren kontrolerako erabiltzen zen indarrik inportanteena izaten zen.