San Juan Agurainen

bideobuttompartituraButtom

SJAgurain

Jaialdia bezperaz hasten da, eguerdiko ordu batean eliz kanpaiak jotzen hasten dira eta txistulariek kalejira egiten dute. Iluntzeko zortziak inguruan herriko agintariak txistulariekin batera San Juan elizara joaten dira errosarioan.

Gauean, hamarretan hasita txistuaren soinuaz batera dantza egiten dute hamabiak arte, orduan herriko mutilek aldez aurretik aukeratu eta ebakitako makala jartzen dute San Juan elizaurrean eta bere ondoan musikaren kioskoa. Bien bitartean beste batzuek nesken balkoietan lore-sortak jartzen dituzte. Goizeko laurak aldera txokolatada egin eta gero La Nevera izeneko mendira joaten dira eguzkia dantzan ikusteko asmoz.

Hurrengo egunean, goizeko seietan txistulariek kalejira egiten dute San Juan martxa izeneko doinua joz. Zazpietarako, alkatea, zinegotziak eta abadea zaldi gainean izaten dira Arrizalara abiatzeko prest. Hara heldu orduko herriko neskatilek pandero handi batzuen laguntzaz bertsoekin ematen diete ongietorria.

Herriko sarreran laurogeigarren hamarkadara arte arku bat ipintzen zuten lorez eta huntzorriz apainduta eta beronen azpitik pasatzen zen segizioa.

Bertsoak amaitzen direnean elkarrekin joaten dira elizara meza entzuten. Honen ostean elizpean txistulariek Sanjuanada jotzen dute eta bertaratutako guztien artean ardo gozoa eta galletak banatzen dituzte. Agurainera itzuli baino lehen herrigunetik pasatzen dira eta jendeak lorak oparitzen dizkie alkate eta zinegotziei. Agur bertsoak entzun ondoren Agurainera itzultzen dira.

Herrian musika banda eta jende guztia izaten da euren zain, sanjuan-sortak eskuan dituztela. Danak batera desfilea egiten dute eta hemen ere jendeak lorak oparitzen dizkie agintariei. Gero udaletxean agintariek, apaizak eta gonbidatuek txokolatea hartzen dute. Arratsaldean herri-askaria izaten da, bakoitzak bere janaria eramaten du eta ardoa udalaren kontura da. Antzina ostean Soka-dantza egiten zen eta zezenak askatzen ziren.


San Juan Agurainen
Agurain (Araba)