Oles ta Oles

bideobuttom partituraButtom

olestaoles72Bigarren erako kopla-multzoetan (eta itxurarik zaharrena duen kopla-andanan) koplariak, beti taldearen erantzunarekin, etxekoak banan-banan koplatzeko ahalegina egiten du.

Bigarren multzo honetan agertzen dira bai egitura aldetik (kopla zaharra ezagunaren egitura-jokoa), bai literatura aldetik (etxeko bakoitzari aitortzen zaizkion ezaugarriak azaltzeko irudietan) eta bai etnografia aldetik (koplak botatzeko formula eta eretan) ezaugarririk markagarrienak.

Toki askotan, etxe bakoitzean abesten hasi baino lehen, kantatu ala errezatu egin behar zen galdetzen zuten gazteek. Etxean heriotzaren bat zela-eta dolua zaindu beharra bazegoen, etxekoek eta gazteek errezu batzuk egiten zituzten.

Kantatzeko baimena egonez gero, koplak botatzen ziren. Lehenengo eta behin baimena eskatzen zuten (eta askotan baimen hori alkateak edo emana zutela esaten da). Honen ostean etxekoentzako koplak zetozen, hurrenkera honetan: etxeko jauna, etxeko anderea, etxera ezkondutako senar-emazte gazteak, etxeko seme nagusia, etxeko alaba ezkongea… Hauen ostean beste guztiak: etxean bizi zen apaiza, nagusiak, eta abar.

Etxeko kide bakoitzaren koplan beronen ezaugarri bat markatzen zen: gizonaren dotoretasuna eta aberastasuna, anderearen edertasuna eta esku-zabaltasuna, semearen gizatasuna, alabaren xarma eta liraintasuna…

Honetara etxeko guztien bihotzak ireki egiten ziren, eta azkeneko kopletan helburu nagusiaren berri ematen zen: gazteak eskean zetozen, eta biderako edo kantatu eta osterako zer jan eta zer edan behar zuten (txorizoa, xingarra, lukainka, arrautzatxoak, eta abar).

Etxekoek emanez gero, ongi. Baina… esku hutsik gelditzen zirenean edo etxekoek kasurik egiten ez bazuten biraoren bat edo madarikazioren bat bota eta alde egiten zuten gazteek.

Koplok Gipuzkoako Itsasondo aldekoak dira eta hauetarik azken kopla-andana, Oiartzunen jaso ziren lekukotasun batzuekin osatu da.


Oles ta Oles
Itsasondo, Oiartzun (Gipuzkoa)

1.
Oles eta oles etxekotxuak
nik jotzen ditut ateak.
Nik jotzen ditut ateak eta
ondo erantzun jendeak.

2.
Agur eta agur, jende nobleak,
berri onen bat dakargu.
Atentzio on bat eduki beza
inork aditu nahi badu.

3.
Adan eta Ebak egin zutean
Paradisuan bekatu.
Gure neke eta trabajuak
handikan ziran gertatu.

4.
Jaun Zerukoak berehalarik
ordutik zuan pentsatu,
denborarekin beharko zala
beste Ebaren bat kreatu.

5.
Eba ederra Joseperekin
Belenen degu topatu.
Hango estalpe pobre batean
eman zioten ostatu.

6.
Estalpe pobre horretan zeuden
Jesus, Maria ta Jose.
Gure munduaren ejenplorako
berak nahi zuten halaxen.

7.
Hau haizearen epela!
Airean dabil orbela.
Etxe hontako jende leialak
gabon Jainkoak diela.

8.
Zapata txuri paperez
euri denean baterez.
Nagusi jauna, esan bizaigu
hasiko geran edo ez.

9.
Esku txuritan papera
mahaian urrez platera.
Lotsa gogorrez heldu gerade,
jauna, berorren atera.

10.
Horrako hor goian izarra
errekaldean lizarra.
Etxe hontako nagusi jaunak
urregorrizko bizarra.

11.
Urregorriz du bizarra eta
zilar zurizko espalda.
Erreal bikoz egina dauka
elizarako galtzada.

12.
Etxeko andre zabala
toki oneko alaba.
Bidean nator informaturik
limosnerua zarala.