Amak ezkondu ninduen

partituraButtom

Amakezkondu

Pasa den mende hasiera arte nahiko orokorra izan da neska-mutilak harremanetan hasteko bitartekari baten laguntza eskatu izana. Gehienetan lagunen bat, edo senitartekoren bat izaten zen errekadua botatzen zuena. Baina baziren horretan ohiz jarduten zuten pertsonak ere, ezkontzaginak edo uztarginak. Hauen bitartekaritza batez ere egoera berezietan eskatzen zen; ezkontzeko zirenak adinekoak zirenean, akats fisikoren bat zutenean, fama txarrekoak zirenean…

Askotan gurasoak izaten ziren ezkontzak konpontzen zituztenak seme-alaben guraria kontutan izan gabe. Hau batez ere ezkontideek adinez alde handia zutenean, edo euretakoren bat diruduna zenean gertatzen zen. Batzuetan osaba-loben artean ere egiten ziren. Ezkontza hauek nahiko barregarriak izaten ziren eta zeresan ugari sortzen zituzten. Hurrengo kantuan dugu aurretik esandakoaren adibide bat.


Amak ezkondu ninduen
Gipuzkoa

1.
Amak ezkondu ninduen
hamabost urtekin,
senarrak bazituen
laurogei berakin,
oi, ai, neskatila gazte
agure zaharrakin.

2.
—Ama, zertarako det nik
agure zahar hori?
Hartu eta leihotikan
jaurti behar det nik,
oi, ai, neure leihotikan
jaurti behar det nik.

3.
—Neska; hago isilikan,
aberats den hori;
epez igaro hitzan
urte bat edo bi,
hori hilez geroztikan
biziko haiz ongi.

4.
—Deabruak daramala
oilar urtetsua,
ha baino nahiago det nik
nere aukerakoa,
oi, ai, hogei bat urteko
gazte lorekoa.