AHOZKO LITERATURAREN TRANSMISIOA

ahozkoaIzenak berak dioenez ahozko literatura ahoz adierazi, belarriz ikasi eta gozatu, eta buruz jaso eta gordetzen dena da.

Herri literatura honek bizitzaren alderdi guztiak hartzen ditu: erlijioarekin, errituekin, historiarekin, gizarte-bizitzarekin; festaren ospakizunarekin, maitasun-sentipenen agertzearekin, eta abarrekin loturik dago. Hots, gizataldearen tradiziozko kultura isladatzen du adin bakoitzak eskatzen duen eran taxututa eta giza-multzo bakoitzaren kultur mailari atxikia eta egokitua.

Gehienetan, memoria harrigarriaren jabe ziren adineko pertsonak izaten ziren kontaerak, kantuak, asmakizunak, etab., euren seme-alabei eta bilobei sutondoan kontatzen zizkietenak. Belaunaldiz belaunaldi egiten da transmisio hori. Denboraren joanean, testua helarazten duenak alda dezake testu hori; aberastu edota mugatu zatiren bat kenduz. Alda daiteke ere kontatzailearen nortasuna, sentiberatasuna edo oroipen-indarraren arabera. Horregatik aldaera asko aurki daitezke testu berarenak. Azken batean esatariek testu horiek herriarenak direla uste dute, gehienetan ilunpean gelditzen baitira literatura honen egileak.

Batzuetan halako literatur piezak ospakizunetan erabili ohi dira; teatroa, kopla zaharrak, erromantzeak… Beste batzuetan etxeko pedagogiaren osagai gertatzen dira, haur poesiarekin, kontaerekin, jakinduriazko esaldiekin… Eta askotan, gainera, lanorduetan entretenigarri erabili izan dira ahozko literaturaren pusketak, auzolanen ondoren, linarien behargin orduetan, sare-konpontzaileen jardunetan, artazuriketan eta abarretan. Horixe da azken finean herri-mailan sortutako literatur lanen helburua: denon artean kantatzea edo antzeztea, kantuz ematen baita gehienetan ahozko literatura, musika edo behintzat erritmoa lagun duela.

Herri literatura honen adibide dituzue hurrengo orrialdeetan agertzen diren kantu barregarriak, baladak eta ume-kantak. Goza itzazue bada!

(Sarrera honetako pasarteak Juan Mari Lekuonaren Ahozko Euskal Literaturatik jaso izan dira zuzen-zuzenean.)