Linuaren penak eta nekeak

bideobuttom
pinpi_0020_72Antzinako garaietan linagintzak garrantzi handia izan zuen Euskal Herrian eta mundu zabalean. XX. mende hasiera arte lihoa, artilearekin batera, oihalak, jantziak etab. egiteko lehengaia izan da. Horregatik neskatila gazteek soroko ataltxo batean lihoa ereiten zuten, apurka-apurka euren ezkontzarako arreoa prestatu ahal izateko. Lihoaren ardura osoa emakumeena zen; ereitea, zaintzea, eta azkenik haria egitea, baina beti ere garaitiko etxeko lan guztiak egin eta ostean.

Linagintzaren prozesua lan neketsua eta luzea da oso; ederto adierazten digu hori esaera zahar honek: “Linuaren atsekabeak, amaigabeak”.

Lihoa iraila aldean ereiten zen aurretik artoa, garia edo patata egondako soroetan. Batzuen esanetan San Lino eguna (irailaren 23a) zen horretarako aproposena; hurrengo urtean San Juan eta Santa Mariñe bitartean ateratzeko prest egoten zen. Lihoa eskuz ateratzen zen sustraitik, egun batzuetan soroan bertan sikatzen utzi eta eskutadak edo liho-balak egin ondoren etxera eramaten zituzten, ganbarara.

Hurrengo urratsa hazia kentzea izaten zen. Hori kolpeka, mazoaren laguntzaz edo garrama deritzon orraziaz egiten zuten, hazia hurrengo urtean ereiteko gordetzen zutela. Gero gurdian edo astoaren gainean lihoa errekara edo putzura eraman eta beratzen uzten zuten hamar-hamabost egunez, lihoa ondu arte. Liho-balak bata besteari lotuta ipintzen ziren, gainean harriak jarrita, gure kantuan gertatzen den legez, uriolak eraman ez zitzan.

Hamabostaldia igaroz gero, liho-sorta guztiak hartu eta etxe aldera eramaten zituzten, behin lokarriak askatu eta larrainean, eguzkitan zabalduta, sika zitezen eta azala ustel zekien. Gero etxeko atarian, linarrian zanpatu edo mazoz jo egin behar izaten zen dena, geldiro-geldiro azal ustela eta zatarreria bota artean. Hau gizonezkoei zegokien lana zen, linarriketa oso lan gogorra baitzen. Ondoren lihoa ezpatatu eta trangatu egiten zen, honen ondorioz lihoaren harigaia harrotzen eta biguntzen hasten zelarik. Trangaketa batez ere gauez egiten zen eta jende multzoa batzen zen horretarako. Lana bukatu ostean sorgin-afaria edo linafaria egiten zuten; gaztaina erreak eta katilukada bat esne. Olgeta, dantza, kantua eta festa giroa izaten zen ondorengoa.

Hurrengo pausoa suhasketa dugu, suhatsak lihoa harrotu eta bigundu ez ezik gozatu ere egiten zuen; liho-apainketa esaten zitzaion honi, eta emaitza ona izateko gutxienez hiru aldiz egin behar izaten zen ekintza hau. Liho-apainketak orrazketa on bat eskatzen zuen ondotik, eta honetarako txarrantxa izeneko tresna erabiltzen zuten, ohol luze bat, punta inguruan hamar-hamabi zentimetroko iltzeak dituena, orrazi zakar baten antzekoa. Zenbat eta harigai finagoa nahi izan, hainbat eta gehiagotan orraztu behar izaten zen. Hiru eratako harigaia izaten zen, amukoa edo kirrua guztietatik finena, izarak eta gizonezkoen alkandorak edo atorrak egiteko aproposa; muiloa, eta azkenik mukerra edo burutxa, hiruretan zakarrena.

Ekintza honek prest uzten zuen lihoa iruten edo goruetan hasteko, hau da liho-harigaia hari bihurtzeko, gero berarekin izarak, alkandorak, zapiak, etab. egiteko. Baina O Pello, Pello! kantu ezagunak dioskun moduan prozesu hau oso luzea zen eta osorik azaltzeak luze joko luke, beraz aipatu besterik ez dugu egingo. Harigaia irundu, astalkatu, zuritu, harilkatu, irazkitu, pikatu eta josi egin behar izaten zen. Hauxe zen antzinako amen eta amonen neguko gauetako ihardunik handienetarikoa.