Artazuriketak

bideobuttom
pinpi_0016_72Lehenagoko denboretan neska-mutilek ez zuten elkarrekin egoteko aukera handirik izaten. Astegunetan batez ere neskak ez ziren etxetik edo etxeko inguruetatik aldentzen mezatara joateko izan ezean; eguneroko lana gogorra izaten zen gainera, eta ez batzuek eta ez besteek ez zuten horretan denbora galtzerik.

Meza ostea, iganderoko dantza, garizuma aldiko paseoa eta auzokide guztien artean egiten ziren lanak (gari-jotzea, lihoa egitea, artazuriketak, etab.) izaten zituzten gazteek topaleku bakarrak. Hau dela eta sarritan lanok amaitzen zirenean erromeria eginez ospatzen zuten.

Antzina etxe gehienetan egiten ziren artazuriketak, artaburuari zurikina kentzea alegia. Batzen zen jendea, gehiena auzokoa, artapiloaren araberakoa izaten zen; inon berrogei lagun inguru biltzerainokoa, zahar eta gazte, denak harmonia ederrean.

Artazuriketak arratsaldez eta gauez egiten ziren, etxeko behar guztiak egin eta ostean. Lana atseginago egin gurean, giroa apurka-apurka berotu egiten zen eta gazteak kantuka eta bertsoka hasten ziren. Kantuok, Nafarroan arrosnabarrak izenez ezagunak, alaiak eta jai girokoak izaten ziren; neska-mutilen arteko bikoteak izaten zituzten jolas eta solasgai. Batzuetan bikoteok benetakoak izaten baziren ere, besteetan ordea, egiazko kontuak eta asmatuak ere nahastuz barregarri suertatzen ziren hauek; neska dotorea agure zaharrarekin edo akats fisikodunarekin…

Euren abestiak osatzeko kantu zaharren hasierako molde ezagunak hartzen zituzten oinarritzat, etxe eta pertsona izenak aldatuta. Jarraian duzue adibide bat.