Ardoa, txakolina eta sagardoa

bideobuttom
pinpi_0022_72Ardoa egin izan duten lurralde eta herrietan, Araba eta Nafarroako hegoaldean batez ere, ia-ia egunero edaten izan dute berau betidanik. Besteetan ostera, Bizkaian eta Gipuzkoan, ardoa erosi eta ekarri egin behar izaten zuten egurrezko upeletan, gurdien gainean, horregatik iturriko ura zen eguneroko bazkari arruntetan hartzen zen edari bakarra. Sagardoa etxean egiten zen herrietan, ura barik berau edaten zuten, urtean zehar egindakoa amaitu arte. Ardoa jaiegunetako apartekoa izaten zen.

Ardorako dirurik ez zenez egoten, hainbat herritan lanak ordaintzeko erabiltzen zen, horrela auzolanetan egindako beharren truke udalak ardoa ematen zieten. Oraindik ere leku askotan festa eta erromeria berezietan parte hartzen dutenek, edo prozesioetan imajinak eramaten dituztenek, ardoa doan izaten dute.

XX. mende hasieratik aurrera ardoaren kontsumoa barreiatu eta ohiko egin zen, beti ere gizonezkoentzat besterik ez baina; emakumezkoek eta gaztetxoek ostera urarekin nahastuta edan beharra zuten.

Antzina, bai tabernetan bai baserrietan, ardoa ardi edo ahuntz larruz egindako zahagietan gordetzen zuten, gutxi gorabehera laurogei litrokoak. Tabernetan ardoa porroitik edaten bazen ere, etxean aldiz porroitik bai baina baita botatik edo zahatotik ere. Egun, jakina denez, mendira, futbolera edo etxetik kanpora oro har goazenean baino ez dugu eramaten.

Ardo kantitatea zehazteko erabili izan ditugun neurriak azunbrea eta kantara izan dira; azunbreak litro bi hartzen ditu eta kantarak zortzi azunbreko edukiera dauka, hamasei bat litro beraz. Hauez gain azunberdia eta azunbrearen laurdena ere ezagutu izan dira, kuartiloa alegia, edo, askok dioen moduan, lagun bakoitzeko errazio aproposa.

pinpi_0023_72Gaur egun aitortu beharrekoa da ardoa dela edaririk zabalduena eta herrikoena Euskal Herri osoan. Etxe barruan ez ezik, lagun-taldeek eta koadrilek txikiteoa edo poteoa deritzagun herriko tabernez tabernako ibilbidea ere ardoa batik bat hartuz egiten dute.

Bestalde, eta txakolinaren kontsumoari dagokionez, pasa den mendean beherakada itzela igarri zen arren, azken urteotan gora egin duela nabarmen esan behar da, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean.

Lehenagoko denboretan bazeuden herri batzuetan txakolina saltzen zuten baserriak; hauek ere txakolina izena hartzen zuten. Baina txakolinok ez ziren denak batera zabaltzen; San Jose inguruan irekitzen zen lehenengoa; behin bertoko edaria amaituta, ostekoak zabaltzen hasten ziren banan-banan eta beti ere aurrekoaren txakolina akabatuz gero. Hamabost egunez-edo egoten zen bakoitza.

Baserri hau zabalik zegoela adierazteko ereinotz arrama bat jartzen zuten baserriaren atean eta mahai luze eta banku eta guzti etxaurrean edaleak bertan eser zitezen. Berdin antzean egiten zen sagardoarekin; baserri gehienetan etxerako baino egiten ez bazuten ere, herri bakoitzean beti egoten ziren pare bat kanporako saltzen zutenak, sagardotegiak. Hauek egun ere badaude, Gipuzkoaldean gehien bat. Garaia denean eta upelak zabaltzen direnean, batez ere asteburuetan, beste herri batzuetatik etorritako lagunez beteta egoten dira eta jendeak zenbat gura sagardo edan dezake bertan.

Dena dela, badakizue: “Ardoarekin, txakolinarekin edo sagardoarekin afaltzen duenak, urarekin gosaltzen du”, beraz kontuz ibili!