Burdinolak

bideobuttom
Agorregi KurtxioAzaroan edo zemendian, errekak urez betetzen hasten zirenean, beste lanbide bat ere hasten zen, gogorra bezain garrantzitsua, burdinola edo zeharroletakoa. Burdinolak ziren burdingaia garbituz burdina lortzeko sortu ziren lehendabiziko fabrikak, gaur egungo labe garaien parekoak. XIV. mendean sortu ziren eta XIX. mendearen bukaeran hasi zen beren beherakada. Urriko azken igandean olajaunak bazkari eder bat ematen zien herritar guztiei eta gauerdian hasten zen ola martxan. Ez zen geratuko hurrengo larunbateko gauerdira arte. Azaroan martxan hasi eta maiatzera arte jarduten zuten lanean.

Toki ilun, bero eta zaratatsuak izaten ziren. Bertako lana oso gogorra zen. Langileak beltz-beltz eginda egoten ziren; kapela bat eta lihozko jantzi zuri bat besterik ez zeramaten aldean. Lo gutxi egiten zuten, gau eta egun jarduten zuen martxan burdinolak. Eta egiten zuten apurra burdinolan bertan, lurrean jarritako koltxoi zikinean, arto-malutaz egindako koltxoian.

Lau izaten ziren langileak: urtzaile bi, igelea eta gatzamailea. Gatzamaileak burdingaia txikitu behar izaten zuen; mailuaz joz, intxaur baten neurrira ekarri arte, gero sutegian sartzeko. Urtzaileak sutegia piztu eta bete egiten zuen, ikatza eta burdingaia tartekatuz. Beroarekin eta urtzailearen laguntzarekin burdingaia burdina bihurtzen zen. Bola baten itxura izaten zuen. Bola hau sutegitik atera, lurrera bota eta gabipean jartzen zuten. Igeleak uraren pasua zabalduz jartzen zuen martxan gabia; eta agoa, burdin bola, batera eta bestera mugitzen zuen gabipean, burdin barra bihurtu arte. Minutuan ehun kolpe baino gehiago ematen zituen gabiak! Txanda bakoitzak, ostera, bospasei ordu irauten zuen (sutegia kargatzen zenetik, burdin barra eginda egon arte).

Ferrones MinteguiBurdinolek ikatza eskatzen zuten ugari, kontuan izan sutegia kargatzen zen bakoitzean 500 bat kilo ikatz eta beste horrenbeste burdingai behar izaten zutela. Ulertzekoa da ikazkintza langintza garrantzitsua izatea. XIX mendean, burdinolen bultzakadarekin izugarri garatu zen ikazkintza, XX. mendean, hirurogeikoan, guztiz desagertu arte.