Gure baserrietan abereak haztea, loditzea eta gero etxekoek jan dezaten hiltzea oso gauza arrunta izan da Euskal Herri osoan. Hiltzen zituztenak: txerria, axuria eta ardia, ahuntza, untxiak eta hegaztiak (oiloak, oilaskoak…) izaten ziren batez ere. Behiak, zekorrak, etab., ezkontzetarako edo beste familia arteko ospakizun handietarako uzten ziren, euren haragi freskoa bazkari hauetako oinarririk sendoena izaten zutelarik.
Abere-hilketak urtearen sasoi desberdinetan egiten ziren okela eta koipe erretserbak urte osorako izateko. Bestela esaera zaharrak dioena gerta zitekeen, “Zerririk ez bada tegian, koiperik ez zartagian”. Horrela axuriak eta antxumeak udaberrian hiltzen ziren; ardia eta txerria udazkenean edo negu hasieran, eta hegaztiak eta untxiak behar izanen arabera.
Hala eta guzti ere, euretatik txerri-hiltzea izan da tradiziorik handiena izan duena, oraintsura arte barren! Hirurogeiko hamarkadan zehar ere baserri guzti-guztietan hiltzen ziren txerriok, nahiz eta ohikoena bat baino egitea izan ez, bigarren bat hazi eta sakrifikatzea aberastasun seinale baitzen; halakoetan azaroan ateratzen zuten lehenengoa txerri-kortatik, otsail inguruan bigarrena.
“Txerriaren bizitza ona baina laburra da”. Urte osoan barrena soro eta ortuko elikagaiekin gizentzen dituzte; patatak, azak, arbiak, erremolatxak, kalabazak, ezkurrak… eta artzaintza guneetan gatzura ere ematen zaie. Ozala esaten zaio Bizkaialdean kasurako, denetatik hartu eta egiten den nahasketa honi.
Beraz gaur egun azaroan, San Martin bueltan hiltzea normalena edo bada ere, antzina batean, herri batzuetan behinik behin, abenduan egiteko joera handiagoa zegoen, Gabon-ospakizunetako mahaiak, saiheskiz, solomoz, odolostez… hornitu behar ziren eta bapo. Ilbeheran hilketa egin beharra, lehen eta egun oraindik ere bizirik dirauen sineskera da bestalde.
Txerriboda egunerako auzoko eta senitartekoei dei egiten zaie, egun hauetako lan ugariek guztien laguntza eskatzen dutelako, bai gizonena bai emakumeena. Praka bete behar badago ere, zereginak amaitu ondoren, bazkalostean, beti izaten da entretenimendurako astirik; karta-jokoan zein solasean.
Txerria goizean lehenengo orduan hiltzen da. Horretarako lau-bost gizonen laguntasuna behar izaten da, txerritokitik atera, mahai baten gainean jarri eta guztion artean heldu ahal izateko. Txerri-hiltzaileak bere lana egiten duenean emakume batek gero buzkantzak eta odolkiak egiteko erabiliko den odola jasotzen du ontzi batera, beti ere odola irabiatuz gogortuta gera ez dadin.
Lanik handienak ostean datoz; hona hemen zertzelada batez baino ez bada ere hurrengo pausoak. Txerria hilda iratzez estali eta erre egiten da, gero errautsak kentzeko uraz garbitu, goitik behera zabaldu eta tripak atera. Ondoren leku altu batetik eskegi eta ordu batzuetan itxaron behar izaten da harik eta haragia hoztu arte. Honaino azaldutakoa era berdintsuan egiten da gaur egun ere. Baina okelen kontserbazioan lehenik hona bizi izandako aldaketak handiak izan dira. Dena dela ikus dezagun laburrean antzina zelan egiten zuten.
Biharamunean txerria zatitu egiten zen eta ostean giharrak pikatu hurrengo egunetan txorizoak egiteko erabili egingo ziren eta. Pernilek, hezurrek eta urdaiek ur handienak galtzen zituztenean gatzetan ipintzen ziren bospasei egunez gatzun-asketan, gero beratzen edukitzen ziren eta azkenean eskegi, apurka-apurka sika zitezen. Hezurrak, hankak, belarriak eta muturrak urte osoan egoten omen ziren gatzetan.
Solomoak eta saiheskiak ere salmueratan edo gazuretan jartzen ziren hogeita lau orduz, baina egun batzuk zintzilikatuta igaro ostean, xerretan ebakita koipetan sartzen ziren.
Honekin guztiarekin hurrengo hilabeteetarako behintzat, gatzun-askak beterik zituztela, neguari aurre egiteko moduan izaten ziren gure baserritarrak.