BIDEOA

bideobuttom html-pdf

Udazkenak edo udagoienak ez dauka beste urtaro batzuek duten bezain ardatz garbia: udan ardatz nagusia sanjuanak edo udako solstizioak osatzen dute eta, neguan, neguko solstizioak eta Olentzerok. Udazkeneko ekinozioan ez dago hain ospakizun esanguratsurik.

Oro har pisu handia dute oraingoan baserri eta artzain giroko ekintzek. Baserrietan, uztaroa da, urtean zehar egindakoaren fruitua jasotzen da. Oparotasun honek, baina, ez dakar geldialdirik etxeetara. Lihoa landu egin beharko da, artoak zuritu eta hurrengo urterako fruituak ziurtatzeko prestakuntza lanak egin. Bizimodu tradizionalari jarraitzen zioten tokietan benetako urte hasiera izaten zen udazkena, ziklo bat bukatu eta berria prestatzen hasten baitziren.

Urtaro honetako ospakizun nagusia San Migel dugu. Markinan, Arretxinagan, San Migel ermita ikusgarriaren aurrean egiten da jaia. Aukera bakarra da hori Xemeingo ezpata-dantza ikusteko. Maisu zaharra, Ezpata nagusiak eta Ezpata txikiak deitzen dira dantzariak. Dantza hau bukatuta, aurreskua, soka-dantza, egiten dute dantzariek, nesken eta andreen omenez.

Egun berean, San Migel egunean, bada beste dantza eder bat ere: Iurretako Dantzari-dantza edo Bizkaiko ezpata-dantza. Bezpera gauez Donielatxa jartzen dute enparantzan, eukalipto edo pago enbor luzea. Batzuen ustez San Juan egunekoa omen da ohitura hau, noizbait udazkenera aldatu bazuten ere. Beste batzuen ustez, ostera, Donielatxa litzateke, jatorriz ere San Migel egunekoa. Gaur egun mezaostean izaten da dantzaldia, zortzi dantzaz osatua. Humboldt bidaiariak XVIII. mende azkenaren eta XIX. hasieraren inguruan eman zuen dantza honen berri.

Jarraian, Cortesera abiatuko gara, bertako Dancea ezagutzera. Dantzariek goizean hasten dute euren lana baina arratsaldean izaten dute antzezpen nagusia. Dancea dantzak eta bertsoak uztartzen dituen antzezpena da. Lau dira protagonistak: Mayoral, Rabadan, Aingerua eta Deabrua. Danceari bukaera emateko lau dantza egiten dira: bi paloteado, makilak joz egiten diren dantzak, eta bi zinta-dantza.

Aipatu dugu udazkena uzta-aroa dela. Arabako Errioxan eta Nafarroan, irailaren amaieran eta urrian izaten da mahats-batzea, gero ardoa egiteko. Tresneria aldatuz joan da urtez urte, baina prozesua berdina da. Lehendabizi konportetan, otzaretan batzen zen mahatsa, gerorago metalezko ontzietan eta orain makinekin, toki batzuetan. Mahatsa batu ostean zapaldu egin behar zen, orain berriz makinetan zanpatzen da muztioa ateratzeko eta mahats-mordoen txortenak bereizteko. Muztioa barriketan edo metalezko biltegietan sartzen da, irakiten has dadin eta honela, muztioa ardo bihurtu. Berezko prozesu hau, gaur egun, produktu kimikoak erabilita errazten da. Une honetan upeltegian aire gehiegi edo gutxiegi egoteak muztioa ardo ez bihurtzea ekar zezakeen. Irakitea amaituta, urtarril-otsailean, beste ontzi batera pasatzen da ardoa, hondakinak kentzeko. Prozesuaren azken pausoa ardoa iragaztea da; lehenago telazko iragazkiekin egiten zen eta, orain, hondarrezkoekin.

Bizkaian eta Gipuzkoan, sagardoak hartzen du ardoaren tokia. Sagar-batzea irailaren bukaeran hasi eta azarora arte hel daiteke, sagarra ondo helduta dagoenean eta eguraldi lehorra dagoenean batzen baita. Sagar-moeta desberdinak nahastu behar omen dira, proportzio egokian gainera, sagardo ona egiteko: %60 mingots, %30 gozo eta %30 garratz. Sagarrak batu eta lurrean zabaltzen ziren, zortzi bat egunez. Honela, azukre kopurua gehitzea lortzen da, eta, honen eraginez, sagarrek ur gehiago ematea. Sagardoa egiteko prozesua ardoarenaren oso antzekoa da.

“Urrian, artoak burutzen eta enarak buztantzen” dio esaera zaharrak. Artoak helduta daude soroetan, batu eta zuritu egin behar dira, urtean zehar etxekoek taloa eta morokila egiteko irina izan dezaten eta txahalek eta txerriek jatekoa izan dezaten. Artazuriketa, trukean, ordean egiten zen, auzolanean. Inguruko baserrietako neska-mutilak baserrietan batzen ziren afalostean, txandaka. Etxe bateko lanak bukatzen zituztenean hurrengora joaten ziren, auzoko baserri guztiak pasatu arte. Farolen edo bonbilla elektrikoen inguruan ekiten zioten lanari eta, jakina, kantuari. Kantu hauetan neska-mutilen kontuak izaten ziren nagusi, normala den moduan. Lana erraza eta garbia zen, artaburuari maluta, zurikina kendu eta otzaretan ganbarara igo. Antzinako legea beteta, hamar otzarakada ganbarara, hamaikagarrena elizara. Artaburu gorria aurkitzen zuen mutilak neska bati musua emateko baimena zuen. Ez da harritzekoa artajorrak baino jarraitzaile gehiago izatea artazuriketak! Zuritutako artoak ganbaran edo koltzan zabaltzen ziren, solte, behar zenean garandu eta erabiltzeko. Malutak, ostera, ganaduak jateko, koltxoiak egiteko eta, baita ere, arrantzaleek, amuak estaltzeko erabiltzen ziren.

Azaroa edo hazila, hazi-aroa edo hazi-hila. Hilabete garrantzitsua nekazari eta abeltzain munduan, hilabete honetan ereiten dira labore batzuk eta. Garia, esaterako, eta toki batzuetan lihoa. Lihoa irail-azaro bitartean ereiten zen toki gehienetan eta uda partean batu. Udazkenean hasten ziren lihoaren penak.

Esaera zaharrak dio: “Linuaren atsekabeak, amaigabeak”. Izan ere, lan asko eta asko egin eta tresna ugari erabili behar izaten zuten gure aurreko emakumeek liho landaretik oihalak egiteko. Horretarako, lihoari azala kendu eta barruko fibrak edo zuntzak atera behar zaizkio, gero haria egiteko. XX. mende hasieran desagertu zen lihoaren langintza. Labur bada ere, azaldu egingo dugu hemen prozesua.

Lehenik sikatu, garrama orraziaz haziak kendu, liho-sortak egin eta ur geldian beratzen eduki (izugarrizko hatsa botatzen omen zuten). Landareak lehortu eta gero, zur-mazoaz joz, azal ustela askatu. Gero, trangatu, suhatsean pasatu eta ezpatatu. Horrela, azkenik, liho-zuntzak aske ziren.

Txarrantxan kardatu, ondoren. Eta hau guztia, udazkenean. Hemendik aurrerakoak neguko betebeharrak izango dira. Goruan, lihoa hari bihurtu. Gero hari matazak egin, eta upa baten barruan egosi zuritzeko, gainetik errautsak dituen oihal bat jarri eta ur beroa botaz. Belar gainean sikatu. Zuri-zuri zirela harilkaian liho-harilak egin. Hau guztia baserrian egiten zen; gero, liho-harilak ehundegira eramaten zituzten, ehunak egiteko.

Gorulariei buruz badira esaera eta sineskera bitxiak ere. Hona hemen bi. Gauerdi inguruan egiten zituzten afariei sorgin-afaria deitzen zitzaien. Beste uste bat ere bazen, gorulariak goruan zeukan liho guztia amaitu orduko oheratzen bazen, sorginek lapurtzen omen zuten gorua: Amaitu goruko hondakin hori, sorginak berorregaz dantzan egin ez dagien!

Azaroan edo zemendian, errekak urez betetzen hasten zirenean, beste lanbide bat ere hasten zen, gogorra bezain garrantzitsua, burdinola edo zeharroletakoa. Burdinolak ziren burdingaia garbituz burdina lortzeko sortu ziren lehendabiziko fabrikak, gaur egungo labe garaien parekoak. XIV. mendean sortu ziren eta XIX. mendearen bukaeran hasi zen beren beherakada. Urriko azken igandean olajaunak bazkari eder bat ematen zien herritar guztiei eta gauerdian hasten zen ola martxan. Ez zen geratuko hurrengo larunbateko gauerdira arte. Azaroan martxan hasi eta maiatzera arte jarduten zuten lanean.

Toki ilun, bero eta zaratatsuak izaten ziren. Bertako lana oso gogorra zen. Langileak beltz-beltz eginda egoten ziren; kapela bat eta lihozko jantzi zuri bat besterik ez zeramaten aldean. Lo gutxi egiten zuten, gau eta egun jarduten zuen martxan burdinolak. Eta egiten zuten apurra burdinolan bertan, lurrean jarritako koltxoi zikinean, arto-malutaz egindako koltxoian.

Lau izaten ziren langileak: urtzaile bi, igelea eta gatzamailea. Gatzamaileak burdingaia txikitu behar izaten zuen; mailuaz joz, intxaur baten neurrira ekarri arte, gero sutegian sartzeko. Urtzaileak sutegia piztu eta bete egiten zuen, ikatza eta burdingaia tartekatuz. Beroarekin eta urtzailearen laguntzarekin burdingaia burdina bihurtzen zen. Bola baten itxura izaten zuen. Bola hau sutegitik atera, lurrera bota eta gabipean jartzen zuten. Igeleak uraren pasua zabalduz jartzen zuen martxan gabia; eta agoa, burdin bola, batera eta bestera mugitzen zuen gabipean, burdin barra bihurtu arte. Minutuan ehun kolpe baino gehiago ematen zituen gabiak! Txanda bakoitzak, ostera, bospasei ordu irauten zuen (sutegia kargatzen zenetik, burdin barra eginda egon arte).

Burdinolek ikatza eskatzen zuten ugari, kontuan izan sutegia kargatzen zen bakoitzean 500 bat kilo ikatz eta beste horrenbeste burdingai behar izaten zutela. Ulertzekoa da ikazkintza langintza garrantzitsua izatea. XIX mendean, burdinolen bultzakadarekin izugarri garatu zen ikazkintza, XX. mendean, hirurogeikoan, guztiz desagertu arte.

Ikazkintza, egurretik ikatza ateratzea da. Hasteko, egurra bildu behar da; gutxi gorabehera lau kilo egur behar dira kilo bat ikatz ateratzeko, kontuak atera! Lehendabizi, tximinia egiten da, egur-multzoaren ardatza. Gero, tximiniaren inguruan egurrak pilatu behar dira, ez nolanahi. Enbor lodienak tximiniatik hurbilen eta meheenak urrunen, bospasei metroko egur-piloa egin arte. Gero txondorra adarrez, hostoz edota goroldioz estaltzen da. Multzo honen gainean beste ikaztobi bateko errautsa jartzen da, iduri izenekoa. Txondorra tximiniatik pizten da eta, gutxika-gutxika, egurra egosi egiten da, ikatz bihurtuz. Hamar-hamabost egun behar izaten zituen prozesu osoak eta ikazkinak gau eta egun egon behar izaten zuen bertan. Bizimodu gogorra zen ikazkinena; mendian egurrezko txaboletan, beti errautsez zikinduta eta beti txondorra zaintzen.

Heldu gara azaroaren 11ra, San Martin egunera. Egun honetan hasi izan dira Euskal Herrian, txerribodak, txerri-hiltzeak. “Asterik eta urterik onenak txerria hilteko astea eta ezkonduteko urtea”. Izan ere txerri-hiltzeak oparotasuna dakar etxera: solomoa, urdaia, odolosteak, txorizoak, pernilak…

Bukatzeko eta udazkeneko oparotasunaren adierazgarri, feriak aipatu nahi ditugu. Gernikan urriko azken astelehenean, sanandresak, santotomasak… Baserritarrek euren lanaren fruituak jarriko dituzte salgai. Honez gain, diru-ordainketa batzuk ere egin beharko dituzte, Santo Tomas egunean egiten baitziren hainbat tokitan errenteroaren eta jabearen arteko urteko diru kitatzeak.

Honaino bada udazkeneko sasoia. Gauak luzatzen doaz eta egunak laburtzen, laster etorriko da berriro Gabona, neguko solstizioa, guk urteko zikloari hasiera eman genion urtaroa. Eta berriro errepikatuko da ziklo osoa: Santa Ageda, inauteriak, maiatz-erreginak, sanjuanak… behin eta berriro ez dakigu noiz arte.