Kantu barregarriak

pinpi_0004_72Ume eta nagusien kantutegian oso ugariak dira umorezko pasarteak. Era askotara bihur liteke ekintza bat edo esana barregarri. Eredurik hedatuenetariko bat mundua hankaz gora da, hau da, munduko gauzen eta izakien egoera eta harremanak aldatu egiten dira eta egoera berria sortzen da. Egoera honek ez die lege orokorrei jarraitzen eta entzulearen begien aurrean surrealismotik hur dagoen iruditeria agertzen da. Kasu honetan erantzuna irribarrea da.

Umorearen beste alderdi indartsu bat ironiarena da. Halakoetan tokia izaten du kritika sozialak, herrialde edo eskualde bateko gizakien bizimodua zorroztasun handiz aztertzen da eta agerian jartzen dira gizabanakoen edo gizataldeen akatsak, moralari dagozkienak askotan.

Modu honetako kantutxoak ugariak dira gure folklorean eta ekintza askoren eta ospakizun askoren betegarri izan ohi dira beti.