Gure dantzak euskal kulturaren osagai garrantzitsua dira, gure nortasunaren eta izaeraren adierazgarri. Herrialde bakoitzak bereak izaten ditu; eta kasu honetan Markina-Xemeinen, dantza berezi bi egiten dituzte herriko jai nagusietan, sanmigeletan irailaren 29an: Xemeingo ezpata-dantza eta Mahaigainekoa.
Arretxinagako San Migel ermitaren ondoan gaude. Goizeko hamaikak jotzeko. Jendea badator geldiro-geldiro mezatara, kanpaien deiari erantzunez, herriko zaindariaren eguna ospatzeko.
Ermita hau berezia da. Barrualdean monumentu bitxia dauka, elkarri eusten dioten hiru harritzarrez osatua. Harri hauen jatorriak hainbat zeresan sortu du, baina inork ez du argibide zehatzik ematen. Harrien erdi-erdian dago santuaren irudia. Esaera da, neska edo mutil-laguna bilatu gura izanez gero, harri-multzoari hiru buelta eman behar zaizkiola erdiko zulotik igarota.
Meza ostean Xemeingo ezpata-dantza ikusteko aukera izango dugu. Ezpata-dantza dantza garrantzitsua da, egun handietakoa, eta lehenago, antza, Gorpuzti egunean egiten zuten.
Dantzariak konsejupetik irteten dira plazara. Dantzarien kopurua aldagarria da. Gaur egun hamabost dantzarik hartzen dute parte: kapitaina edo “maisu-zarra”, lau dantzari ezpata laburrekin, eta beste hamar ezpata luzeekin.
Dantzariak zuri-gorriz jantzita doaz. Apaingarri modura San Migel Goiaingeruaren eta Xemeingo armarriaren kutunak ipintzen dituzte. Kapitainak loredun txaleko marroia du bereizgarri lez.
Dantzariek irudi berezia egiten dute kapitaina ezpaten gainean jasota. Goian daukatela, kapitainaren eta ezpata laburdun dantzarien txanda izango da. Horixe da dantza honen berezitasuna.
Gauerdian beste dantza-saio bat egingo da. Oraingo honetan Mahaigainekoa dantzatuko dute. Udaletxe zaharreko plazatxoa jendez gainezka dago laster irtengo diren Zerutxu taldeko dantzarien zain. Txistulariak harrera egin eta gizonezko dantzariak plazarantza datoz.
Lehenengo eta behin aurreskua edo soka-dantza egingo dute, herriko neskak plazara aterata.
Gero dator Mahaigainekoa. Horretarako egurrezko mahai handia, jesarlekua, ardo-pitxarra, edalontzia eta farola jartzen dituzte plaza erdian. Dantzariak, oraingo honetan neskak eta mutilak, hasi aurretik buelta bat egiten diote ermitari. Aurrean doanak, kapa eta guzti jantzita, alkatearena egiten du, eta ilintia darama eskuan.
Txistularia jotzen hasten denean, dantzarietako batek, mahai gainera igo eta baso bete ardo edaten du. Jarraian, dantzari guztiek Horra hor goiko kantua abesten dute. (Tartea itxi kantua entzuteko).
Halako baten beste bat igoko da mahai-gainera eta elkarrekin dantzan egin ostean, bigarrenak ere ardoa edan eta dantzan jarraituko dute.
Eta holaxe, denak igaro arte. Dantza-saioa biribilketa batekin amaituko da.